Gorostiaga, Agorria eta Aldazabal ipuin narrazio lehiaketako finalean
Finala martxoaren 22an izango da Ordiziako Barrenan. Ester Poveda kontalariak ez du gaurko kanporaketan parte hartzerik izan. Epaimahaiak eta publikoak Urtzi Gorostiaga ataundarren lana saritu du.
Gaur arratsaldean jokatu da Ordiziako D´Elikatuz gunean Ahoz Aho Ahozkotasunaren nazioarteko jaialdiaren baitako 12. Ipuinen narrazio lehiaketako sailkapen saioa. Epaimahaiaren eta publikoaren iritziak entzun eta gero, Urtzi Gorostiaga ataundarra, Iam Agorria amorebietarra eta Jokin Aldazabal tolosarra sailkatu dira martxoaren 22an Ordiziako Barrenan egingo den finalerako.
Jokin Aldazabal –Martin Galox ipuinarekin- eta Amaia Pagola –Zaborra desagertarazteko makina– tolosarra eta Iam Agorria (Amorebieta) – Ez da errege… ezta erregiña– eta Urtzi Gorostiaga (Ataun) –Etsaiaren adina– igo dira gaur arratsaldean, D´Elikatuz guneko oholtza gainera. Belauntzan bizi den espainiar jatorriko Ester Poveda ere parte hartzekoa zen, baina, azken unean ezin izan du parte hartzerik izan. Gaurko saioa berari eskaini nahi izan dio May Gorostiaga Intujai teatroko kide eta lehiaketaren antolatzaileak.
Epaimahaiaren eta publikoaren bozkak aintzat hartuta sailkatu dira hiru kontalariak finalera -bi aukeratzen ditu epaimahaiak eta bat publikoak-. Oso estua izan da lehia, epaimahaiaren eta publikoaren saria bera izan delako Urtzi Gorostiagarentzat. Ondorioz, epaimahaiaren hirugarren eta publikoaren bigarren sarituak ere kontutan hartu dira azken erabakia hartzerako orduan.
Gaurko saioa Ane Gebara kontalari gasteiztarrak gidatu du eta Yaima Orozco konpositore eta abeslari kubatarra izan da gonbidatua.