Hiru urteren ondotik, bueltan da Sahararen aldeko krosa
Otsailaren 25ean egingo da lasterketa Ormaiztegin. Aurten, berrikuntza moduan, eskola kirolean aritzen diren gazteek lasterketan parte hartzeko aukera izango dute.
Hiru urtez etena izan eta gero, aurten berriz egingo da Sahara krosa Ormaiztegin. Atzo iluntzean egindako prentsaurrekoan aurreratu zuten hitzordua antolatzaileek. Datorren otsailaren 25ean izango da, 11:00etan hasita. Ohi bezala bi ibilbide izango ditu: lasterketa, luzea, 10 kilometrokoa eta motza, 5,4 kilometrokoa.
Lasterketa luzeko ibilbideak aldaketa dakar aurten, berrikuntza moduan. Lehenengo aldiz, Irizar lantegi barrutik igaroko da lehendabiziko bueltan. Baina ez da hau berrikuntza bakarra. Aurten, lehenengo aldiz, eskola kirolean aritzen diren gaztetxoek Ormaiztegiko lasterketan parte hartzeko aukera izango dute.
- 10:00etan.- Haurrak (2010-2011); 1050 metro.
- 10:15ean.- Kimuak (2012-2013); 700 metro.
- 10:25ean.- Benjaminak (2014-2015); 350 metro.
- 10:35ean.- Aurre-benjaminak (2016-2017); 225 metro.
Izen ematea (15 euro) dagoeneko irekita dago kirolprobak.com web gunean. Izen ematea otsailaren 23ko gauerdira arte egongo da irekita. Egunean bertan ere egongo da izena emateko aukera, udaletxe azpian horretarako jarriko duten mahaian. Haurren kasuan, taldeka izena emateko aukera ere egongo da. Parte hartzeko eskola-materiala eraman beharko dute —Saharako haurrei bidaltzeko—. Eta amaieran dominak banatuko dira parte hartzaile guztien artean. Ohi bezala, izen ematean bildutako diruaren zati bat Saharako elkartasun proiektuetarako bideratuko da.