Inauteriak iritsi dira Legorretara
12:30ean bota dute txupinazoa gazte asanbladako kideek gaztetxeko balkoitik. Arratsaldean, mozorroen desfilea dago eta gauean, kontzertua.
Urtero bezala, inauteriak aste bete beranduago ari dira ospatzen Legorretan. Eguerdia aurretik mozorrotutako hainbat kuadrilla ikus zitezkeen, jada, Legorretako kaleetan zehar. Legorretako hainbat balkoi ere oihal koloretsuz jantzita zeuden gaur, Tolosakoen pare.
Legorretako Gazte Asanbladak antolatu ohi ditu inauteriak Legorretan, baina herritar asko ere batzen dira festara. 12:30ean txupinazoa bota dute gaztetxeko balkoitik eta orduan hasi da festa. Buruhandiak irten dira ondoren, erratzarekin haurren atzetik lasterka.
Arratsaldean jarraituko du festa giroak Legorretan. 18:00etan inauterietako desfilea egingo dute eta gauean, Dj Lymak kontzertua eskainiko du.