Garaik eta Arrillagak bizirik eustea lortu dute Idiazabalgo kanporaketan
Osesen ordez aritu da Arrillaga gaur Idiazabalgo kanporaketan. Finalerdien osaketa Etxebarriko kanporaketan erabakiko da datorren astean.
Jaialdi “historikoa” jokatu da gaur Idiazabalen. Igarondo pilotalekuak emakumezkoen txapelketako kanporaketa bat hartu du gaur eguerdian. Gainera, etxeko pilotari bat ere aritu da jaialdiko lehen partidan eta bertakoentzat pena bakarra Izar Etxezarretak, Ezki Ariztik lagunduta, ezin izan duela garaipenik lortu, Arratibel-Agirrebeitia nagusitu baitzaizkie lehia estuan.
Eliteen mailako partida azken markagailuak iradoki dezakeena baino ikusgarriagoa suertatu da eta azkenerako Leire Garai eta Osesen ordez aritu den Arrillagak bizirik mantentzeko beharrezkoa zuten puntua eskuratu du. 22-12 amaitu da partida.
Jokoan sartzea lortu duenean, Arrillagak atzetik beste erritmo bat sartu dio jokoari eta Garaik ederki atera dio etekina bere atzelariaren nagusitasunari. Larrarte eta Bergarak sekulako lana egin behar izan dute, tanto on batzuk ere eskuratu dituzte, baina aurkariek beste eraginkortasun bat izan dute tantoak amaitzerako orduan eta garaipen argia bezain beharrezkoa lortu dute.
Gauzak horrela, hirugarren multzo honetako lehen postua eta finalerdien osaketa datorren astean Etxebarrian (Bizkaia) jokatuko den ligaxkako azken jardunaldian erabakiko da, dena airean dela.
Gaurko Idiazabalgo jaialdian pilota mistoko hirugarren partida bat ere jokatu da eta bertan Olatz Insaustik eta Iraila Betegik erraz irabazi diete txapelketan debuta egin duen Maialen Esnal eta Male Lamadriden aurka. Irabazleak maila oso altuko bikotea osatzen dute eta erraz atera dute aurrera gaurko kanporaketa.