Adinekoentzako balio anitzeko lokal bat egingo dute Zegaman
Udalak 2.737.349,10 euroko aurrekontua onartu du. Haizea taberna adinekoentzako topagune bihurtuko dute. Auzoetako jaietarako diru partida egongo da lehenengoz.
Zegamako Udalak 2.737.349,10 euroko aurrekontua onartu du 2024 honetarako. Pasa den otsailaren 13an egin zuten ohiko osoko bilkuran onartu zuen aurrekontua udalbatzak, EH Bilduren aldeko botoekin. Zegama Lantzen abstenitu egin zen. Iker Zubeldia alkateak esan duenez, aurretik Ogasun batzordean landu zuten gaia eta Zegama Lantzenek proposatutako «aldaketa guztiak» eginda aurkeztu zituzten aurrekontuak pasa den asteko osoko bilkurara.
Udaletxe guztietan gertatzen den bezala, ohiko gastuek eramango dute aurrekontuaren pusketa handiena. Hala, ondasun arruntetarako eta zerbitzuetarako 1.462.170,54 euroko gastua aurreikusi dute. Pertsonal gastuetara 594.998,21 euro bideratuko dira eta transferentzia arruntetara —Goimen, Goieki, Uema, etab. — 313.315,55 euro.
Gainerakoan, inbertsio errealetarako 366.315,90 euro daude aurreikusita. Baliteke urte amaieran kopuru hori handiagoa izatea, hainbat proiektu egikaritzeko diru laguntzak eskatuta baitauzka udalak, nahiz eta oraindik erantzunaren zain dauden.
Adinekoentzako bilgunea
Dauden inbertsioen artean, Haizea tabernan adinekoentzako egingo duten balio anitzeko lokala azpimarratu du garrantzitsuenen artean Zubeldiak. Haizea taberna orain dela urte bete inguru itxi zen. Zegamako Udalak lokala erosi du eta pasa den abenduaren 12an sinatu zuten salerosketa.
Zubeldiak azaldu duenez, bertan egin nahi dena «taberna edo elkarte soil bat» baino gehiago izango da. Udalak aurretik eginda duen zaintza planaren ondorioetako bat izan da, «adin batetik aurrerako herritarrek, gurea bezalako herri txikietan elkarrekin sozializatzeko duten arazoari irtenbide bat emateko bilgune edo topaleku bat izango da». Barrualdea egokituko dute bertan askotariko ekintzak egin ahal izateko. Aurreko belardian ariketa fisikoa egiteko makina batzuk ere jarri nahi dituzte.
Bestalde, Uharte Zelai auzoan haur eta gazteen aisialdirako parkea egingo dute. Bi eremu ezberdindu ditu Zubeldiak, «batetik futbol eta saskibaloi kantxa bat eraikiko da eta bestetik, 6 urte bitarteko haurrentzako jolastoki bat».
Txarape auzoko bolatoki ingurua egokitzeko lanak ere egingo dituzte. «Zonaldea berritzeko asmoa dago, nahiz eta oraindik ez dugun zehaztu zer den egingo dena».
Urtean zehar aurrera eramaten diren ekintzetarako partidak ere aurreikusita dituzte, hala nola, Cava festa, Zegama-Aizkorri mendi maratoia edo San Bartolome jaiak, batzuk aipatzearren. Berrikuntza moduan, lehendabiziko aldiz, Olaran eta Olaberria auzoetako jaietarako milana euro emango ditu udalak aurten.