Ameztiko mendizaleak Amasa-Villabonako gainetan izan dira
Belabieta eta Loatzo mendietan izan dira zegamarrak. Hamar laguneko kuadrillak hartu zuen parte irteeran.
Urteko bigarren irteera egin dute asteburu honetan Zegamako Amezti mendi elkartekoek. Amasa-Villabona inguruan egin zuten igandean ibilaldia, aurretik bi aldiz irteera atzera bota eta gero; “bateko pandemia eta bestetik eguraldi petrala, azkenean hirugarren ahaleginean burutu dugu Amasa inguruetan barrena ibilaldia egitea”, esan du Amezti elkarteko Asier Berasategik.
Zegamako plazatik irten eta Leitzarango ubidea edo “mila eskaileretako kanala” bezala ezagutzen den bidea jarraituz egin zuten lehendabiziko zatia. Kanal utzi eta Urdausubiko bordan hamaiketakoa egin eta indarrak berreskuratuta Belabieta eta Loatzoko gainak egin zituzten. Yarzatarrak izan zituzten gidari-lagun.
Gipuzkoaren erdigunean kokatutako parajea izanik eta eguraldia lagun zutela, “herrialdeko mendi garrantzitsuenen panoramika ederraz” gozatzeko aukera izan zuten zegamarrek. Eguna borobiltzeko Alustiza nekazalturismoan bazkaria eginda itzuli ziren etxera.