«Euskal Herriak gutxieneko soldata propioa izatea juridikoki egingarria da»
Euskal lan esparru propioaren eskaera hedatzeko garai politiko aproposa dela berretsi du Aranburuk, baina onartu du sindikatu abertzaleak elkarrengandik urruti egotea oztopo bat dela.
Garbiñe Aranburu (Legorreta, Gipuzkoa, 1973) ez zen egon duela 30 urte euskal esparru propioaren eskaerari hasiera eman zion Bilboko manifestazio historikoan. 20 urte zituen, eta, ordurako sindikalismoaren «harra» barruan zuen arren, handik gutxira sindikatu zen. Baina manifestazioa deitu zutenekin hari buruz hitz egindakoa da: «Mugarri bat izan zen; ilusio handia sortu zuen».
Euskal lan esparru propioaren aldeko jarrera berrindartuko duzuela esan du LABek. Zergatik? Hoztuta ikusten al duzue aldarria?
Ez, ez nuke esango hoztuta dagoenik. 30 urte ez dira alferrik pasatu. Manifestazio hura mugarri bat izan zen, eta ordutik hona euskal esparru hori forma hartuz joan da. Euskal Herria langile borrokan esparru autonomo bezala egituratu ahal izan da. Espainiako eta Frantziako legedi bera izan arren, baldintza hobeak lortu ahal izan dira, bertako lan eta bizi baldintzak negoziazio kolektibo marko propiotik borrokatuta. 30 urte geroago, baina, egungo testuinguruak aukera berriak sortzen dituela ulertuta, berriro ere konpromisoa berritzearen beharra ikusi dugu.
Alderdi abertzaleak indartsu daude, Madrilen oso beharrezkoak dira. Hau al da garaia esparrua hedatu dadila eskatzeko?
Beste aukera bat ireki da. Espainiari dagokionez, Madrilgo gobernuak nazio gabeko estatuetako alderdien bozkak behar ditu, eta aritmetikak aukera berrietarako modua egiten du. Gure ikuspegitik, aukera dago lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua hedatzeko dauden beto horiek altxatzeko.
Gaia alderdi abertzale guztien agendan dagoela iruditzen al zaizue?
Agendetan kokatzen ari dela begi bistakoa da, eta hainbat adierazpenetan jasotzen dugu. Kontua zera da, autogobernua berritu behar dela esaten denean, ea noraino iristeko gaitasuna eta determinazioa dagoen.
Esan duzue «jokaleku berri bat» behar dela. Nolakoa beharko luke jokaleku horrek?
Bai, gaur egungo autogobernua mugatua delako. Guk ikusten dugu lan eta enplegu arloan ahalmen legegilea estatuarena dela. Babes sozialaren eremuan, dauden eskuduntzekin, badago bestelako esku hartze bat izateko eremurik, baina hori ere mugatua da. Gizarte Segurantzaren transferentzia oraindik ez da gertatu. Gure anbizioa harago doa: guk lan kode propio baterako eta Gizarte Segurantzaren lege baterako proposamenak eginak ditugu, eta horrek eskatzen duena da enpleguaren eta babes sozialaren inguruko gaietan ahalmen legegile osoa izatea.
Elkarrizketa osoa Berria.eus egunkarian.