Euskal jaiak itsasoaz haraindi
San Frantziskoko Euskal Etxearen 42. urteurrena ospatu dute asteburuan. Han izan dira Beñat Garmendia, Beñat Azketa eta Iban Matxinandiarena pilotari goierritarrak erakustaldia egiten.
Diasporako euskal erritarren festa handi bateko parte izateko aukera izan dute Beñat Garmendia eta Beñat Azketa pilotari beasaindarrek eta Iban Matxianandiarena pilotari zegamarrak. San Fratziskoko (AEB) Euskal Etxearen 42. urteurrenean pilota erakustaldia egiten izan dira asteburuan.
Kaliforniako Basque Cultural Centerreko frontoian pilota eta pala partidak izan ziren asteburuan, urtero, bertan dagoen Euskal Etxean egiten den jaiaren barruan. Hiru pilotari goierritarrek, partidetan arnasten zen giro ezin hobeaz gozatzeaz gain, turismoa egiteko aukera ere izan zuten. Sare sozialetan, pilotakadak ematen ikusi zituzten Alcatrazeko kartzela ospetsuan, hura bisitatzen zuten bitartean.
‘Basque Town’
XIX. mendean zehar loratu zen Euskal Herritik Kaliforniara migratzeko joera, Amerikako mendebaldeko ardien industrian lana aurkitzeko aukerak erakarrita. XX. mendearen erdialdera arte luzatu zen, itsasoaz haraindi bizimodu hobeago baten bila joateko joera hori.
Euskal Herrira itzuli ez zirenetako askok San Frantziskoko Badian finkatzea erabaki zuten, euskal komunitateen establezimendu iraunkorra sortuz. Pentsioek, jatetxeek, kafetegiek eta tabernek euskal hiri bat osatu zuten XX. mendearen hasieratik San Frantziskoren bihotzean, eta haren arteria nagusia Broadway zen, North Beacheko Chinatown eta Little Italy arteko mugan. San Frantziskoko Basque Town-eko garai oparoena, 1950etik 1960ra bitarteko urteen hamarkada izan zen, eta bere gainbehera 1970eko hamarkadan gertatu zen.
Euskal biztanleria San Frantziskoko Badian handitzeaz gain, elkarte sozio-kultural ezberdinak sortu ziren. 1982an sortu zuten lehenengo euskal etxea, Basque Cultural Center (Euskal Kultur Etxea).