Kattalin eta Nenufarrak, soul doinuak Goierrin
Sara Iriarte billabonarrak eta Jon Sagarna, Iñaki Rezusta, Leire Agirre eta Julen Sagarna goierritarrek osatutako taldeak ostiralean Orion egingo du bere bigarren kontzertua. ‘Hubble’ diskoa iaz atera zuten.
Goi mailako musika eta parajeotan gutxi jorratutako estilo batean proposatzen ditu Kattalin eta Nenufarrak taldeak, baina orain arte apenas izan duten oihartzunik Goierri aldean. 2021eko abenduan grabatu zuten Hubble bilduma laburra –bost abestikoa–, eta 2023ko maiatzaren hondarrean jarri zuten Spotify eta Youtube plataformetan, doan. Abenduaren 29an jo zuten Villabonan (Gipuzkoa) jendaurreko lehenengo zuzenekoa, eta etzi, ostirala, Orion ariko dira (19:00etan, kultur etxean) bigarren aldiz.
Sara Iriarte billabonarraren eta Jon Sagarna gabiriarraren proiektua da Kattalin eta Nenufarrak. Unibertsitatean klasekide zirela, Iriartek amona hil berriari eskainitako letra eta musika batzuk bazituela, eta bien artean hasi ziren proiektua gorpuzten. Fakultateko festa batean jotzeko, Iñaki Rezusta Txasio lagun eta gitarra jotzailea fitxatu zuen Sagarnak, Guri5-eko ohiak eta kuadrillakoak biak.
Soul ukitu nabarmenekoa da Hubble diskoa, Iriarteren ahotsak betetzen ditu maisuki landutako tresnen aireak. Soula baitute zaletasun kuttunen artean, Amy Winehouse eta Silvia Perez Cruzen gogorapen bat uzteko.
Ibai Osinagarekin grabatua
Daukan mailarako, ezkutu samarrean egon da Kattalin eta Nenufarrak. Proiektuak etenaldi luze samarrak izan ditu; ikasketengatik eta Erasmus egonaldiagatik, edo taldeari ematen dioten afizio izaeratik aparte ez dutelako irrika berezirik. «Beste asmorik gabe ari gara. Gehienak lanean ere bagabiltza, masterra egiten baten bat, ikasten… geratzeko ere zaila zaigu horrela», azaldu du Jon Sagarnak.
Iriartek abesti asko ditu idatziak, hamazazpi bai. Horietatik bospasei 2021eko udazkenean Ibai Osinagak Irunberriko (Nafarroa) etxeko garajean muntatu duen SIMA estudioan grabatu zituzten, eta Beasaingo Pottokon Fredi Pelaezek masterizatu zizkien. Osinagaren Ibil Bedi taldea ere erreferentziazkoetako bat dutela aitortu dute.
Baina geldialdia etorri zen berriro. Zirt edo zart, iazko udaberrian maketa modura argitaratzera ausartu ziren arte. Bost abesti aukeratu, eta maiatzaren 31n bota zituzten plataformetan Hubble osatzen duten piezak. «Sorpresa izan zen, zeren jendeari gustatu zitzaion. Elkarrizketa batzuk ere eman genituen».
Boskotea zuzenekoetarako
Berriz mantsoaldia etorri zen, ordea. Harik eta abenduaren 29an Villabonako Sahrijai zikloan estreinakoa jotzeko aukera iritsi arte. Iriarte, Jon Sagarna eta Rezustari beste bi musikari gehitu zitzaizkien, zuzenekoetarako: Julen Sagarna baxu jotzaile gabiriarra, Jonen anaia, eta Leire Agirre lazkaotarra (teklatua). Bostek osatzen dute gaur egun Kattalin eta Nenufarrak.
«Aurrera begira, poliki ari gara. Orioko kontzertua bakarrik daukagu hitzartuta. Estiloz ere ez da agian txosna guneetan jotzekoa edo festetako girokoa. Baina horietan ere kontzertuak ateratzen badira eta edozein lekutatik deitzen badigute, gustura joko dugu». Areto txikietarako, edo arrats giroko kontzertuetarako ikusten dute egokia.
Gabiriako udaletxeko goiko solairuko lokal batean entseatzen dute. «Gustatzen zaiguna da, afizio bezala hartzen dugu taldea eta musika». Baina «aurrerago» beste disko bat ateratzeko asmoa dutela aurreratu dute.
Soularen erritmoan, aurrera.