Pornografiaz, harreman osasuntsuez eta osasun mentalaz hitzaldi bana Beasainen
Treba Gurasoak egitasmoaren barruan hitzaldi sorta antolatu dute, haur eta nerabeen gurasoei zuzenduta. Pornografiaz hitz egiten hasiko dira asteartean.
Treba Gurasoak prestakuntza egitasmoaren hirugarren edizioa beteko da Beasainen, eta hiru hitzaldi eskainiko dituzte datozen asteetan. Haur eta nerabeen gurasoei zuzendutako saioak dira. Beasaingo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzarekin elkarlanean antolatutako ekimena da, gurasoak hezkuntza gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzeko helburuarekin.
Aurtengo edizio honetan, aurreko urteko esperientzian oinarrituta, parte hartu zuten gurasoek eskatutako gaiak eta proposatutako hobekuntzak kontuan hartu dituzte. Beasainen emango dituzten hitzaldiak hiru izango dira, doan izango dira, eta Igartzako jauregian eta Alkartasuna Lizeoan izango dira, arratsaldeko 18:00etan hasita.
Lehenengoa, pornografiaz
Otsailaren 27an, asteartea, izango da lehenengo saioa, Igartzan, Pornografia gaur egungo sexu-heziketa ote? izenburupean. Trebatzailea, Eider Goiburu izango da, eta landuko diren edukiak, gailentzen den pornografia-eredua eta ezaugarriak, pornografia eta nerabeen iruditegia, familien funtzioa sexu-heziketan eta sexu-heziketa hezkidetzaile baterako gakoak.
Bigarren hitzaldia, martxoaren 4an, Harreman osasuntsuak lagun artean du izenburua eta Nerea Mendizabal izango da hizlaria. Seme-alabek lagunen artean dituzten zailtasunetan gurasoei zein leku dagokien hausnartuko da, izan ditzaketen gatazketan laguntzaile osasungarri bilakatzeko. Beraien liskarretan noiz eta nola esku hartu proposatzeaz gain, ideiak proposatuko dira helduen jarrera lagungarri eta oztopagarriak identifikatu, eta mingarriak diren jarrerak egin edo jaso ditzaketenerako.
Eta hirugarren hitzaldia, martxoaren 21ean, Alkartasuna Lizeoan, Osasun mentala eta nerabeak izenburupe du. Seme-alaben hazkuntzan familiak duen babesteko zereginaren garrantzia sustatzea izango da helburu nagusia. Deserosotasuna, antsietatea eta jazarpen-egoerak detektatzeko eta identifikatzeko ezagutzak eta oinarrizko informazioa ematea eta balizko jazarpen-egoeren aurrean egoki eta indarkeriarik gabe erantzuten lagunduko dieten trebetasunak eta estrategiak ematea ere.
Hitzaldi guztiak euskaraz izango dira. Parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da.