Aizkorpeko udal ordezkariek topagunea egin dute Seguran
Etorkizunari begira komunean dituzten erronkak identifikatu dituzte. Sinergiak sortu eta elkarlana bultzatzea dira helburuak. Hurrena Mutiloan izango da urtebete barru.
Aizkorpe bailarako udal ordezkariek topaketa egin berri dute Seguran. 2018an egin zuten azkena, eta orain, legegintzaldi berria hasi berritan, elkarlanari heltzeko asmoa berretsi dute. Idiazabal, Segura, Zegama, Zerain eta Mutiloako udaletako 25 ordezkarik hartu zuten parte larunbateko bilkuran. Bat etorri dira guztiak ekimena «oso positiboa» izan dela esaterakoan.
Topaketa Seguran izanik, anfitrioi lanak egin zituen Izarra Urdalleta alkateak larunbatean. Helburu nagusiena bost herrien arteko gerturatzea dela azpimarratu du: «Orokorrean helburu berdinak dauzkagu herri guztietan eta beharrak oso antzekoak», esan du.
Bailara bat izanagatik, herri bakoitzak bere errealitate eta izaera propioak ditu. Urdalletak, dituzten baliabide edo biztanleriaren arabera, hiru multzotan banatu ditu bost herriak. «Batetik Idiazabal legoke. Biztanle gehien dituen herria da eta ekonomikoki kaudimentsuena. Baliabide pertsonal aldetik ere ondoen osatuta dagoena da. Antzekotasun handienak izango genituzkeen beste bi herri Segura eta Zegama ginateke. Eta hirugarren multzoan Zerain eta Mutiloa leudeke», zerrendatu ditu.
Gai berdinen inguruan dituzten errealitate ezberdinak mahaigaineratu zituzten hasteko: «mediku zerbitzua, garraio publikoa, bidegorria, turismoa, berdintasuna, zaintza, kultura, energia…» izan ziren hizpide.
Elkartuta gehiago dira
Zenbait alorretan elkartuta eragiteko aukerak atzeman zituzten. Adibidez, udalen eskumenekoak ez diren zerbitzuei dagokienez —medikua, garraio publikoa, bidegorria—, beharrezko eskaerak elkarrekin egiteko erabakia hartu zuten. Bestetik, hainbat foro edo azpibatzorde eratu zituzten, «adibidez, kultura, gizartea edo berdintasuna».
Urdalletarentzat esperienztia guztiz «positiboa» izan zen. «Batzuk aurretik ezagutzen genuen elkar, beste batzuk berriak dira. Elkarrekin lan ohitura horiek hartzeko eta elkarrekin hausnartzeko oso baliagarriak dira topagune hauek», esan du.
Bost urteko eten honen aurretik, 2011 eta 2018 artean egin ziren bailarako topagune hauek. Horietan ere parte hartu zuen Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak. «Ordu hartan ere gauza interesgarri asko atera ziren, baina oraingo honetan lanketa sakonagoa egin dugu», esan du konparaketa desegokirik egiteko asmorik gabe.
Alkateak «pozik»
Gorka Urteaga Zeraingo alkatearentzat lehendabiziko legegintzaldia da hau udal ordezkari moduan. Lehendabiziko pausoak ematen hasiko direla esan du: «Etxeko lanak badauzkagu». Bere iritziz, «ongizate, berdintasun eta zaintza gaietan sakonduko dugu aurten, nahiz eta beste gai garrantzitsu batzuk ere egon badauden».
Iker Zubeldia zegamarra ere berria da alkate lanetan. «Oso interesgarria izan zen. Beti da ona esperientziak konpartitzea, ikasteko balio du », esan du. Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkatea ere izan zen Seguran eta bost herriak «senidetzeko» baliagarria izan zela dio. «Askotan hain gertu baina hain urruti gaude… topaketa hauek elkar ezagutzeko edo kontaktuak partekatzeko balio dute». Amaitzeko, «interesgarritzat» jo du topaketa hauek urtero egin eta hasitako lanari «jarraikortasun bat» ematea.
Momentuz, hasita daude lanean eta hurrengo hitzordua ere egina dute: Mutiloan urtebete barru.