Ampo Ordiziak Avilesen hasiko du bigarren itzulia
B multzoko sailkapenean sei taldetatik hirugarrena, eta puntu bakarrera ditu aurretik Bartzelona eta Complutense Cisneros. Apirilera arte luzatuko da bigarren itzulia.
Ampo Ordiziak asteburuan hasiko du Ohorezko Mailako liga erregularreko bigarren itzulia, Avilesen (Espainia). Pasek Belenos Rugby Club izango dute aurkari goierritarrek larunbatean, 16:30ean, Yago Lamela estadioan. Azken sailkatua den Pozuelo Rugby Union izan ezik, gainontzeko bosten arteko lehia estua izango da bigarren itzulian, puntu gutxira baitaude bata bestetik.
Apirilera arte luzatuko da bigarren buelta, eta partida guztietan puntuak batzea garrantzitsua izango da mailari eusteaz gain, ligako titulua eskuratzeko aukerak izateko.
B multzoko sailkapenean hirugarren postuan dago Ampo Ordizia, seitik, lehenengo itzulian eskuratutako 18 puntuekin. Lehenengo postuan dago Complutense Cisneros, 19 punturekin, eta hauekin berdinduta, Barça Rugby. Ampo Ordiziaren atzetik, berriz, Les Abelles eta Pasek Belenos daude, 16na punturekin, eta azken postuan, 9 punturekin, Pozuelo. Larunbatean garaipena beharko du Federico Gallo argentinarrak gidatzen duen taldeak, hasieratik B multzoko sailkapeneko goiko postuetan finkatu ahal izateko.
Hurrengo partidak
Larunbatekoaren ondoren, martxoaren 9an Les Abellesen zelaian (Valentzia, Herrialde Katalanak) jokatuko dute, eta martxoaren 24an Altamiran, Pozueloren aurka. Apirilaren 7an Complutense Cisnerosen aurka jokatuko dute Madrilen, eta azken partida Altamiran izango da, Barçaren aurka.