«Laster 50 urte beteko dira Saharako gatazka hasi zela. Oso luze doa»
Igandean Ormaiztegin egingo den Sahara Krosa antolatzeko lanetan aritu da Garazi Hach Embarek. Saharar herriarekin guztiz konprometituta jarraitzen du nahiz eta Ormaiztegin bizi. Ahal duen guztietan, saharar herriaren ahotsa izan ohi da.
Garazi Hach Embarek Irizar (Madril, Espainia, 1978) Sahararra eta euskal herritarra da jatorriz. Errefuxiatu kanpamentuetan bizi izan zen 12 urte arte. 1990 bukaeran Ormaiztegira etorri zen bizi izatera, amaren jaioterrira. Aita, Mohamed Salem Hach Embarek, Mendebaldeko Saharakoa zuen. Urteetan Fronte Polisarioko ordezkari gisa jardun zuen Sahararen egoera munduan zehar ezagutzera emanez eta haien eskubideak aldarrikatuz. Azken urteak Ormaiztegin eman zituen.
Zergatik lasterketa bat?
Otsailaren 27a Mendebaldeko Saharako Errepublikaren aldarrikapen eguna da eta errefuxiatuen kanpamentuetan maratoi bat egin ohi da jendeari gogorarazteko saharar herriaren egoerak berdina izaten jarraitzen duela, nahiz eta 1975 urtean hasitako kontu bati buruz hitz egiten ari garen. Lasterketaren helburua saharar herriaren errealitatea ezagutzera ematea izan da beti.
Horrekin bat egin eta saharar herriari keinu bat egiteko hasi ziren Ormaiztegin ere lasterketa hau antolatzen 2007an.
Zein da gaur egungo egoera?
Egoera azken urteetako bera da, edo okerragoa ere badela esan daiteke. Gaur egun, oraindik aurrera jarraitzen du 2020an Saharan lehertu zen gerrak —nahiz eta komunikabideetan ez den horren inguruko berririk ematen—; mendebaldeko Saharak Marokoren okupazioaren menpe jarraitzen du; are, Maroko inoiz baino indartsuago dago atzerriko hainbat estatuk —AEB kasu— subiranotasuna onartzen diotelako eta gainera, errefuxiatu kanpamentuetan Covid-a dela eta egoera inoiz baino gogorragoa da.
«Sahararrei benetan laguntzen diena da jakitea sahararra ez den norbaitek bat egiten duela haien borrokarekin»
Irtenbiderako zantzurik bada? Zein da sahararren sentimendua gaur egun?
Saharar gehiengoaren ametsa, nahia eta helburua etorkizun batean askatasuna lortzea da. Baina errealitatea bestelakoa da, nazioarteko legeek men egiten diete Nazio Batuen Erakundean hartutako erresoluzioei, ikusi Palestinan zer gertatzen ari den. Horrek noski inpotentzia handia ematen du, etsipen puntu bat eta haserrealdia ikaragarria.
Helburuak bera izaten jarraitzen du, baina denborak aurrera egin ahala sisteman fedea galtzea dakar. Laster —datorren urtean— beteko dira 50 urte hau guztia hasi zela. Oso luze doa.
Saharan beharrezkoa da kanpotik iristen den laguntza bizirauteko, edo behintzat egunerokoa eramangarriagoa egiteko. Euskal Herria eta Sahararen arteko harremana nolakoa da gaur egun?
Euskal Herriak Sahararekin eskuzabala izaten jarraitzen du. Iristen den guztiak asko laguntzen du egunerokoan, baina sahararrei benetan laguntzen diena da jakitea sahararra ez den norbaitek bat egiten duela haien borrokarekin, haien errealitateari ahotsa ematen diola eta salaketa horrekin bat egiten duela.
Normalean laguntza guztiak errefuxiatuen kanpalekuetara bideratzen dira. Aurten, aldaketa bat proposatu dugu zentzu honetan. Jendea ohartarazi nahi dugu kanpaleku hauetaz gain, ezin dugula ahaztu mendebaldean okupatutako eremu bat dagoela 1975etik. Bertan dauden sahararrak marokoar okupatzaileekin bizi behar dute egunero, eta bertan ere beharrak ikaragarriak dira. Zenbait jenderi hizkuntzak irakatsi behar zaizkio, adibidez, gero bertan gertatzen dena atzerrira salatzeko. Zentzu horretan laguntzak behar hauetara bideratzea pentsatzen ari gara.
Zure aita Saharar Errepublika Demokratikoaren ordezkari gisa aritu zen urte askoan. Testigua hartu diozu zuk lan horretan?
Ezta gutxiago ere. Nire aitak bizia eman zuen saharar gatazkarengatik. Unibertsitatean ikasten ari zela lehertu zen egoera; lehendabizi Espainiarekin 70. hamarkadan eta oraindik ere Marokorekin gauzak erabat okertu aurretik Fronte Polisarioko kide egin zen. Dena utzi eta desertura joan zen. Eta gero, desertua utzi eta mundu guztian zehar ibili zen saharar herriaren errealitatea ezagutzera ematen eta salatzen.
Ni hori baino askoz ere neurekoiagoa naiz. Noski, ahal dudan guztia eta gehiago egiten dut, baina ezin naiz nire aitarekin alderatu.
«Ardura bat daukadala uste dut eta barru-barrutik ateratzen zait gainera. Etxean haurra nintzenetik jasotako zerbait da»
Baina, Euskal Herrian behintzat, saharar herriaren ahotsa bazarela esan daiteke.
Saiatzen naiz. Ardura bat daukadala uste dut eta barru-barrutik ateratzen zait gainera. Etxean haurra nintzenetik jasotako zerbait da, ez da ikasi dudan zerbait edo soldatapeko zerbait; berezkoa da. Odola borborka jartzen didan errealitate bat da. Pribilegiatu bat ere sentitzen naiz, bestalde, hizkuntzak irakatsi dizkidatelako etxean. Hori guztiaz baliatu beharra daukat sahararrei kanpoan, nazioartean, ahotsa emateko.