Gaur abiatuko dira eskuz binakako eta pala txapelketak
Pala txapelketaren lehenengo edizioa da eta emakumezkoen 14 bikotek parte hartuko dute. Eskuz binakakoan 18 bikotek eman dute izena. Gaur, bihar eta igandean jokatuko dira partidak Gernika pasealekuko pilotalekuan.
Gaur arratsaldean hasiko dira Eskuz Binakako hamahirugarren Txapelketa Herrikoia eta Emakumeen lehenengo Herri Pala Txapelketa. Arrano Elkarteak bere gain hartu du bi lehiaketak antolatzeko ardura.
Bi diziplinetako partidak egutegian nahastuko dira, zaleentzat askotariko ikuskizuna eskainiz. Aste honetan hasi eta Aste Santura arte, ostegun, ostiral eta igandeetan Gernika pasealekuko pilotalekuan jokatuko dira partidak.
Emakumezkoen Pala Txapelketa, mugarri izango da herriko kirol historian, aurrekaririk gabeko txapelketa batean lehiatuko diren 14 bikoteren parte-hartzearekin. Azken asteetan zehar, hainbat bikote aritu dira pilotalekua probatzen, txapelketarako prest egoteko. Helburua ikuskizuna eta maila ona eskaintzea izango da.
Arrano Kultura txapelketaren antolatzailea, pozik agertu da emakumezkoen pala txapelketaren lehen urtean izandako parte-hartze nabarmenagatik, eta pilotarien gogoa azpimarratu dute. Auzotarrei dei berezia egin diete topaketak ikustera joateko eta frontoian giro ona sortzen laguntzeko.
Bestalde, Eskuz Binakako Pilota Txapelketan 18 bikote daude izena emanda, eta ziur, aurtengoan ere, erakustaldi bikaina egingo dutela eta lehia estua izango dutela. Aurten berrikuntza bat izango da. Hasiera batean, denak batera lehiatuko dira baina aurrerago, bi taldetan banatuko dira.
Jarraian, lehenengo jardunaldiko karteldegia: