Gipuzkoa Plaza bertakoentzako gune irekia izatea babestu du PSE-EEk
EAJk aparkatzeko arazoa konpondu baino «diru bilketa grina» duela kritikatu du Beasaingo PSE-EEk. Proposamenari alegazioak egiteko deia egin dute sozialistek.
Beasaingo Gipuzkoa Plaza egoiliarrentzako eremu ireki bihurtzeko herritarren proposamenarekin ados agertu da PSE-EE, eta baztertu egin du udal gobernuak aparkaleku arautua (TAO) handitzeko eta aparkatzeko mugak guneka antolatzeko, osoko bilkuran onartu zen proposamena. PSE-EEko bozeramaile Eva Alvarezen ustez, TAO eremua handitzeko proposamenak «diru bilketara bideratuagoa dirudi mugikortasun eta aparkatzeko arazoak konpontzera baino, eta horrek, gainera, garajerik ez duten egoiliarrei eragingo lieke».
Horregatik, EAJren udal gobernuak urtarrileko osoko bilkuran aurkeztu zuen proposamenaren aurka bozkatu zuen PSE-EEk, alderdi jeltzalearen bozekin aurrera atera zena. Egun hartan, sozialisten bozeramaile den Alvarezek eman zuen bozkaren arrazoia ere; «Zalantza handiak sortzen dizkigu proposamen honek, zeren aparkatzeko arazoa, kale batetik bestera igaroko da, eta gainera, beste behin, pertsona eta familia zaurgarrienei erasango die».
Egun hartan adierazitakori eusten dio Alvarezek eta kritikatu egin du proposamena, trafiko eta aparkatze arazoak ez dituela konponduko argudiatuz. «Trafiko ordenantzak lehentasuna eman beharko lioke herritarrek aparkatzeko aukera izateari eta egoiliarren eremua handitzeari, eta proposamen honek, ez dio arazo horri irtenbidea ematen».
Gainera, gogoratu du, San Inazio kaleko eta Esteban Lasa kaleko birgaitze obraren eta plaza horretako aparkalekuan aurreikusitako kargagailu instalazioaren artean, hainbat aparkaleku plaza kenduko direla eta egoiliar plazak beteko direla. «Uste dugu EAJren proposamena motz geratzen dela, eta horregatik, bertakoentzako aparkaleku librea egotearen alde gaude».
Gipuzkoa plazan gune berdean 145 plaza izango dira; eta Gernika pasealekuan, berriz, 26 plaza berde eta 90 urdin.
Trafikoko arazoari irtenbidea eman ez bakarrik ez, «gehiago tenkatuko» duela zalantzarik ez du Alvarezek.
Alegazioak martxoaren 15era arte
Egoiliarrentzat aparkatzeak duen garrantzia nabarmendu dute, eta herritarrei gogorarazi diete martxoaren 15era arte dutela proposatutako ordenantzei alegazioak aurkezteko aukera; irailean sartuko dira indarrean.