Saturdiko festa biziberritu nahian, zaldibiarrei deia
Zaldibiako Saturdi auzoko festak azkeneko urteetan «beherakada nabarmena» izan duela eta, kezka herrian zabaldu, berpizteko ideiak jaso eta antolatzen segitzeko laguntza eskatu dute. Bihar da bilera.
Zaldibiako Saturdi auzoko baselizaren aurrean, urtero Pazko astelehenean egin ohi da festa bat. Baina garaien joanean edo ohiturak aldatzeagatik, ez dago sasoirik onenean. Antolatzaileek gainerako herritarren laguntza eskatu dute ospakizun herrikoi hori aurrerantzean ere izan dadin. Kezkatuta daude auzoko gazteak –antolakuntza beren gain daukate–, azkeneko urteetan «beherakada nabarmena» izan duelako.
Hausnarketa eta eztabaida bat zabaldu nahi dute zaldibiarren artean, Saturdiko festa biziberritzeko ahaleginean. Antolatzeko laguntza ere jaso nahi dute. Hori horrela, bilera bat antolatu dute. Bihar, ostirala, 18:30ean Karreane kultur etxera agertzeko eskatu diete auzoko gazteek herritarrei. Ideiak emateko edo ekitaldiak proposatzeko belarriak zabalik joango dira.
«Festa honen antolakuntza oinordetzan jaso dugu guk. Lehengo ekitaldi berdinekin segitu dugu, eta geroz eta jende gutxiago etortzen dela sumatu dugu, jende gazterik ez dugula erakartzen, eta antolakuntzan bertan ere ilusio handirik ez zegoela», azaldu du Saturdiko jaiaren antolatzaile taldeko eta Oihane Etxeberria auzotarrak.
«Festa justu Pazko astelehenean da, eta eguna aldatzea ere abiapuntu ona izango litzatekeela komentatu da»
Oihane Etxeberria. Saturdiko auzotarra
Iaz hasi ziren kezka horiei bueltaka taldean, irauli bat eman behar zaiola, ea zerbait mugitzen den. «Auzoan komentatu genuen, eta ondo ikusi zuen jendeak. Horren harira, herri mailara saltoa ematea pentsatu dugu». Bihar da lehen bilera.
Data onena ez agian
Bilera honen aurretik ere Zaldibiako eragile batzuekin egon dira, ekimenaren berri emateko. Haiek ere Saturdin parte har dezaten, festa-eguna bera da lehenengo koska. Pazko astelehena, jai eguna Euskal Herrian eta oporraldiaren erdia askorentzat. «Bizimodua asko aldatu da, eta Aste Santuan kanpora joan egiten gara gaur egun; herriak hustu egiten dira. Festa justu Pazko astelehenean da, eta eguna aldatzea ere abiapuntu ona izango litzatekeela komentatu da».
Aurten, apirilaren 1a da egun hori, baina baliteke orduan ez izatea, eta lehenbiziko aldiz beste dataren batera aldatzea.
Bien bitartean, biharko bilera baliatu nahi dute ideien trukerako eta elkar elikatzeko. Mendi elkartekoekin gazte edo umeekin ibilaldi bat egitea eta auzoan bukatzea litzateke berritasun bat; Beti Gazte jubilatu elkartekoek ere parte hartuko ote luketen nahi dute antolatzaileek. Gazteen artean ere saiatu izan dira erakartzen, bazkarirako edo herri kirolen saio alternatibora.
Iritziak botata eta jasota, Saturdiko festaren biziberritzea bihar has daiteke