«Soinu txikiak sekulako presentzia dauka: edozein ekitaldi, festa, kontzertu… hor dago»
Elustondok argi zuen haurra zenetik soinua ikasi nahi zuela. Amak aholkatuta, txikiaren alde egin zuen, nahiz eta garai haietan kaletarren artean ez zegoen ondo ikusia. Egoera onerako aldatu dela kontatu du. Lenbur fundazioko zuzendari-gerentea ere bada.
Agurtzane Elustondo Plazaola (Legazpi, Gipuzkoa, 1975) Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko presidentea izan da 2011. urteaz geroztik. Karguan beste inork baino urte egin ostean, Itxaso Elizagoieni eman dio lekukoa.”Laguntzeko prest” agertu da.
Trikitia zein egoeratan utzi duzu kargua?
Ondo dagoela esango nuke. Soinu txikiak sekulako presentzia dauka: formatu batean edo bestean, musika mota desberdinak landuz, edozein ekitaldi, festa, kontzertu… hor dago soinua. Nazioartean ere sona handia lortu du. Eta ikasi ere geroz eta gehiagok egiten dute. Gakoa dago trikitiak asmatu duela, gizartea aldatu den bezala egokitu dela. Bilakaera handia izan du eta asko aldatu da. Berrikuntzak errepertorio aldetik, bai tresnaren aldetik. Lehen baserri giroari lotutako instrumentua zen, baina Kepa Junkerak eta [Joseba] Tapiak kalera zabaldu zuten, mundu mailako instrumentu bilakatu dute, beste instrumentu batzuekin uztartu… [Xabi] Solano, Ines Osinaga edo Josune Arakistain bezalako trikitilari gazteagoek ere eman diote jarraipena eta formatuetan eboluzio handia izan da. Bestalde, gurea den ondare honen babes eta hedapenaren alde, iaz Azpeitian (Gipuzkoa) Soinuaren Ganbara izeneko Interpretazio Zentrua inauguratu genuen. Bertan kokatzen da elkartearen egoitza, Dokumentazio Zentroa… Lehengo eta gaurko belaunaldien arteko zubi lan horretan katebegi garrantzitsua lortu duguna. Errealitate bihurtutako ametsa.
Azkoitian (Gipuzkoa) hasi zinen trikitia ikasten, Lajarekin, Legazpin ez zegoelako aukera.
Garai hartako Legazpin, orokorrean ez zegoen ondo ikusita soinu txikia. Gutxietsita zegoen, baserritarren gauza zen. Gogoan dut solfeoko irakasleak esaten zidala instrumentu bat ikasi behar nuela, nahiz eta garai hartarako soinu txikia ikasten ari nintzen. Nire amarekin eta guzti hitz egin zuen. Bakoitzak ikusiko du zer egiten duen bere
seme-alabekin esan zion.
Nolatan hasi zinen?
Gurasoak oso musikazaleak ziren, erromeriazaleak. Trikitiak eta euskal musikak pisu handia eduki du gure etxean. Aitak, naiz eta nik sekula ez dudan ikusi, soinu handia jotzen omen zuen eta amaren baserrian ere asko bizi zen musika eta trikitia. Baserrian Larrinaga-Gerrini zahar bat zuten, soinu diatoniko bat. Harekin jolasean ibiltzen ginen eta hala hasi nintzen ametsetan. Aurrerago, inolako pretentsiorik gabe ikasten hasi nintzen. Solfeoa Legazpin ikasi nuen. Hasieratik argi nuen soinua ikasi nahi nuela. Amak esaten zidan soinu handia baino txikia politagoa da, alaiagoa.
Noiz hasi zinen plazan jotzen?
Berehala hasi ginen. Ikasten hasi eta urtebetera kalean ginen. Artzain Egun bat izan zen, eta handik aurrera, errenkadan etorri ziren, kalejirak, jaialdiak, txapelketak, irratian eta telebistan jotzeko eskaerak… Ohartzerako, bizimodu bilakatu zen.
Izan duzu sekula arazorik?
Burlak ez dut esango, baina jendaurrean jotzean ikusten genituen parre txikiak. Ez zen gaur egun bezala. Gaur egun oso normala da edozeinek soinu txikia jotzea, baina garai hartan ez. Jende askok egindako lanagatik soinu txikiak Euskal Herrian bilakaera handia izan du eta beste perzepzio bat dago, askoz hobea.
Eta emakumezkoa izateagatik? Trikitiarena mundu maskulinoa da?
Emakumeak beste esparruetan zail izan badu, zer esanik ez trikiti munduan. Gizonentzako ere zaila izan zen, infernuko hauspoa zelako eta gutxietsita zegoelako, bada pentsa emakumeentzako. Trikiti mundua oso maskulinoa izan da. Baina trikiti munduan emakumeak beti egon dira eta, ez da ahaztu behar, garai batean, erromeriak pandero hutsez emakumeek egiten zituztela: Maurizia, Primi… Baina, egia da, emakume asko isilaraziak izan direla eta nire erreferente guztiak gizonezkoak izan direla. Baina ikasten hasi nintzenerako, eta gutxi baziren ere, plazan baziren emakumeak. Adibidez, Miren Etxaniz, Mamen Garate, Mentxu Alkorta, Gema Sistiaga…. Elkartetik lan handia egiten ari gara isilarazitako emakume horiek nabarmendu eta ikusgarritasuna emate aldera, ikerketak eginez, bizirik daudenei elkarrizketak eginez eta argitaratuz, dokumentalak… Bidean dira biografia eta komiki liburu bat ere. Genero aldetik aurrerapauso handiak eman ditugu baina, orokorrean gizartean bezala, oraindik bide luzea dugu.
Tamalez, entzun behar izan ditut emakumea izateko ondo jotzen duzu, emakumea izateko indar haundiz jotzen duzu eta bestelako hainbat komentario matxista entzun ditut. Edo ama izan nintzenean soinu jotzeari uzten niola ere zabaldu zen, nahiz eta gezurra izan. Baina aldatzen ari da. Gaur egun emakume asko daude goian, gero eta handiagoa da emakumeen presentzia eta plazan jarraitzen dute ama izan da ere! Eta belaunaldi berrientzako erreferente dira!
Noiz heldu zenion serio soinu txikiari?
Ezustean, nire bizitzako oso parte garrantzitsua bilakatu zen trikitia. Txapelketara joaten hasi ginen, sariketak irabazten, eta batak bestea ekartzen duenez, jaialdietatik, erromerietatik, irratietatik, telebistatik… deitzen hasi ziren Poliki-poliki, trikiti munduan geroz eta sartuago geunden. Baina, ikasketetan ondo moldatzen nintzen eta ez nituen alboratu. Orain ere horrela jarraitzen dut, paraleloan bi alorrak jorratzen. Asko betetzen nauen musika tresna jotzeko aukera edukitzea eta, aldi berean, herrian bertan gustuko dudan lana edukitzea zorte handia dela uste
dut. Batzuetan pentsatu izan dut adar bakarra jorratuko banu lasaiago biziko nintzatekeela, baina ez nintzen Agurtzane izango.
Trikitiaz aparte beste instrumenturik jotzen duzu?
Armonia ikastera Zumarragara joaten nintzen. Musikako titulazio ofiziala izateko musika tresna arautu bat behar da, eta soinu txikia ez denez instrumentu arautua, armoniako irakasleak beste musika tresna bat ere ikasteko esaten zidan, musikarako balio nuela–eta. Biolontxelo bat utzi zidan eta hasi nintzen ikasten. Baina unibertsitatera joateko garaia etorri zen eta guztia uztartu ezin eta utzi egin nuen.
«Pasioa da. Konturatzerako, nire bizitzako parte oso garrantzitsua bilakatu da. Denbora kendu dit, baina asko eman dit»
Trikitia ere utzi zenuen?
Soinu txikia ez dut inoiz utzi. Karreran hasteko nengoela, Haztegi Ikastolatik deitu zidaten trikiti klase batzuk emateko eta han jarraitu nuen. Ikasketak bukatutakoan berehala hasi nintzen Lenbur fundazioan lanean, ekonomista gisa. 2016an ama izan nintzen eta eszedentzia eskatu nuen lanean eta irakaskuntzan, baina trikitia ez nuen utzi, ezta trikitixa elkarteko zereginak ere.
Zer dauka ba trikitiak?
Ni asko betetzen nau. Ez dut nire bizitza trikitixarik gabe kontzebitzen: haserre nagoenean lasaitzeko, estresatua nagoenean erlaxatzeko, triste nagoenean barrenak husteko, alai nagoenean… beti hor dago! Ez dit sekula huts egiten! Pasioa da. Konturatzerako, nire bizitzako parte oso garrantzitsua bilakatu da. Denbora kendu dit, baina asko eman dit.
Adibidez?
Jende, leku eta giro asko ezagutzeko aukera eman dit. Lagun asko. Belaunaldi eta era ezberdinetakoekin milaka bizipen. Publikoaren gertutasuna, berotasuna, maitasuna… beste mundu ikuskera bat. Bizimodu bat.
Kepa Junkerekin harreman estua duzu, adibidez.
Laja, Martin, Tapia, Epelde… Beraien ekitaldi asko ikustera joaten ginen eta guztiak izan ditugu oso gertuko. Baina bai, Kepa Junkerarekin oso harreman estua dugu. Txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar. Gogoan dut Ion anaiak eta biok bakarkako disko bat atera behar genuela jakin zuenean bere laguntza eskaini zigula: abesti bat oparitu zigun eta gure Elgoibarko aitaitaren hitz batzuk sartu zituen nahiz eta ordurako hilda zegoen, Mirandaolako burdinolan bideoklipa grabatu genuen elkarrekin… bere zuzeneko ekitaldi batzuetan parte hartzera ere gonbidatu gintuen. 2022an, Euskadiko Orkestrak Junkeraren Huriondo fandangoa interpretatu behar zuen eta Kepak niri eskatu zidan soinua jotzeko. Beldur apur bat sentitu nuen, baina oso erronka berezia izan zen. Esperientzia berri bat. 2023an Kepa Junkerak Erromeriak diskoa argitaratu zuen, eta diskoaren aurkezpenean soinu txikia nik jotzeko eskatu zidan. Bilboko Aste Nagusian izan zen aurkezpena. Ikaragarrizko erantzukizuna bizkar gainean jarri zidana, baina oso aberasgarria. Eta, tira, berak zoriontzea ohore bat niretzat. Irailean Santiagon aurkeztu genuen diska, eta bera ere han izan zen. Bizipen ahaztezinak.
«Antzekotasunak dituzte. Musikak gehiago erakartzen banau ere, Lenburreko lana oso polita da»
Ion anaiak eta zuk bi disko dituze argitaratuta. Hirugarrenik etorriko da?
Disko bat kaleratutakoan segidan beste bat atera nahi duzu, oso aberasgarria delako, baina gero eguneroko zurrunbiloan sartu eta… eta hoztu egiten da. Denbora behar da, eta guk bestela ere lana egiten dugu, familia…
Jotzeko aukera nahikorik izaten duzue?
Lan dezente izaten dugu. Baditugu plaza batzuk urtero deitzen gaituztenak eta berriak ere egokitzen dira. Asteburu askotan tokatzen zaigu jotzea. Baina ama izan nintzenetik dosifikatzea tokatzen zait, orain nire lehentasuna beste bat delako.
Zein ikasketa dituzu?
Enpresa administrazioan eta Zuzendaritzan lizentziatua naiz.
Bokazioz?
Egia esan, ez nuen oso garbi zer ikasi. Enpresa zientzietan hasi nintzen, gustatu, jarraitu eta bukatzean, berehala atera zitzaidan lana, Lenbur fundazioan.
Gustura?
Bai, bai. Lan eta leku guztietan bezala gorabeherak izaten dira eta egun batzuk beste batzuk baino hobeak dira, baina gustura nabil. Krisialdi ekonomikoa, pandemia… une latzak bizitzea tokatu izan zaigu, baina horiei ahalik eta indar handienarekin aurre egiten saiatzen ari gara. Ni eszedentzian egon ostean, 2020an itzuli nintzen, eta patronatuak zuzendari-gerente postu proposatu zidan. Erantzukizuna da, baina erronka ere bai.
Zer da gehien gustatzen zaizuna?
Lanaren aniztasuna. Egunero sortzen dira ezusteko, kontsulta, proposamen edo konpondu beharreko edota erronka berriak. Jende askorekin tratatu behar duzu. Lagunak ere eman dizkit. Bestalde, jorratzen diren gaiak desberdinak badira ere, Lenbur Fundazioaren eta Trikitixa Elkarteak, antzekotasun asko dituzte. Trikiti elkartearen helburuak dira besteak beste, trikitia ikertu, babestu, sustatu, eta transmisioa bermatzea… eta Lenburren ere gauza berdintsua gertatzen da: Ingurumenaren kontserbazioa bultzatuz, zeregin hori iragan produktiboa, artistikoa eta soziala berreskuratzearekin, balorizazioarekin eta hedapenarekin uztartzea baitugu helburu. garai bateko bizimodua eta industria ikertu, babestu… Alde horretatik, antzekotasunak dituzte. Bihotzari kasu eginez trikitia irabazle ateratzen bada ere, Lenburreko lana oso polita da eta oso gustura nabil. Gainera, oso jende gutxi gaude eta denetarik egitea tokatzen da eta lan oso ezberdinak egiten ditugu. Ez dago aspertzeko tarterik eta bidean ikaragarri ikasten duzu.
Eduardo Txillidaren jaiotzaren mendeurrena beteko da 2024. urtean eta artistak Legazpirekin lotura duenez, urte berezia izango da Lenburrentzat.
Txillidak bera eskultura asko sortu zituen Legazpin, forjaketa handiaren teknika menderatzen zuten langileekin elkarlanean. Bere obraren bilakaeran Legazpik eragin handia izan zuela esaten da. Baina, Fundazioaren sorreran ere parte hartu zuen Eduardo Txillidak, eta bere seme Luis Txillida da gaur egun fundazioko lehendakaria. Oso harreman estua dugu familiarekin. Legazpin, industria artearekin lotzen den gunea topa dezakegu, hala nola, Chillida Lantokia, non Eduardoren forja tailerra ikusi daiteken, besteak beste.
Zerbait berezia egingo duzue urteurrena ospatzeko?
Egitarau oparoa osatu dugu, eta 2024 eta 2025 artean bisita bereziak, erakusketak, kontzertuak, arte-tailerrak, musika eta dantza oinarri dituzte jarduerak, hitzaldiak, zinema-zikloa eta Legazpin Eduardoren eskulturak eraikitzen lagundu zuten langileei omenaldiak egingo ditugu, besteak beste.
Nolakoa da Legazpiko bizimodua? Nola ikusten duzu herria?
Bizitzeko herri erosoa da. XX. mendean sortu ziren lantegietan lan egitera, etorkin ugari etorri zen. Hasiera batean, inguruko nekazal-herrietatik etorritako jendea izan zen, geroago Nafarroatik eta Arabatik etorritakoak eta, azkenik, Extremadura, Leon eta, batik bat, Burgosetik. Horrela, 1900. urtean 1.246 biztanle izatetik 1980an 10.588 biztanle izatera iritsi zen Legazpi. Patrizio Etxeberria fabrika oso garrantzitsua zen eta Legazpi eraldatu egin zen: bai urbanistiko, ekonomikoki, demografikoki, sozialki eta kulturalki. Ekonomian jasandako krisialdi bortitzaren ondorioz, industria hori aldatuz joan da eta herriko ekonomian industriak pisua galdu badu ere, gaur egun ere garrantzia handia izaten jarraitzen du. Balio agregatu gordinaren %56a industriak eta %40a zerbitzuek osatzen dute. Lehen sektoreari ere eusteko ahalegin handiak egiten ari dira baserritar gazteak.
Nola gogoratzen duzu iraganeko Legazpi? Nolakoa zen haurtzaroko Agurtzane?
Beste edozein ume bezalakoa. Kalean ibiltzen ginen, auzoan, gainerako umeak bezala. Baina asteburuetan baserrira joaten ginen, gurasoak baserrikoak dira-eta. Ama, Zumarragakoa (Gipuzkoa) eta aita, Elgoibarkoa (Gipuzkoa). Bi mundutan ibiltzen ginen, kalean eta baserrian.