Euskara ahoan, Lazkaoraino
‘Euskara munduan’ programarekin etorrita, Hego Amerikako 17 ikasle hilabete egonaldia eta ikastaroa bukatzear dira Maizpiden. Lau urteko ikasketa borobildu dute. Batzuek lehen aldiz ezagutu dute Lazkao eta Euskal Herria.
Lazkaoko Maizpide euskaltegi-barnetegiak duen Nazio Batuen Erakunde txiki izaera edozein garaitan suma daiteke. Are gehiago orain, Hego Amerikako 17 euskara ikasle baitaude, urtarriletik. Etxepare Institutuaren Euskara munduan programaren bidez etorri dira Lazkaora, batzuk lehen aldiz. Jatorrizko tokian edo norberaren euskal etxean hasitako lau urteko ikasketa-ziklo bat amaituko dute, bi hilabeteko barnetegi egonaldiarekin.
Adin askotako ikasleak dira, emakume zein gizon. Hamahiru argentinar, hiru uruguaiar, eta txiletar bat. Une honetan hamasei daude, bat hilabeterako bakarrik etorri baitzen; atzera-kontaketan hasita daude, martxoaren 2an itzuliko baitira bizilekuetara. Uztailean dute azterketa.
«Lotsa ematen dit hori esateak baina… A1 mailan hasiko naiz euskal etxeko lagunei eta bazkideei erakusten»
Eneka Cordoba. Euskara ikasle argentinarra
Bitartean, ahalik eta gehien ikasten ari dira. Euskara lehenik, jakina. Baina baita hemengo festa, ohitura, paisaia, herri eta hiri eta izaerak ere.
Hiru argentinarren zioak
Patagoniako Comodoro Rivadavia hirian (Argentina) bizi da Eneka Cordoba mendozarra. 2020an hasi zen hango euskal etxean euskara ikasten, hutsetik, eta poliki egiten du. Aurreneko aldia du arbasoen sehaskan. Birraitona-amonak Erriberrikoak (Nafarroa) ziren, eta lehengo hilean ezagutu zuen hiria. «Eta aurkitu nuen etxea ere; hunkigarria izan zen erabat».
Beatriz Poumé herkidea da beste ikasle bat, Tandil hirikoa –Maria Ignacia Vela herrixkakoa da sortzez–. Duela 30 urte ekin zion euskarari, Argentina euskaraz programari esker, eta Maizpideren berri ordutik dauka. Haren birraitona-amonak Olaberrikoak ziren; Jauregi Intxausti abizenak zituztela badaki, baina ez du baserria zein den jakiterik lortu.
«Euskal ohiturekin eta euskaldunekin harremanetan senarrarengatik jarri nintzen»
Beatriz Poume. Euskara ikasle argentinarra
«Euskal ohiturekin eta euskaldunekin harremanetan senarrarengatik jarri nintzen. Dantza egiten zuen, orain dela 40 urte, eta euskara orduan ezagutu nuen, Valeria irakaslearekin», gogoratu du Poumék.
Taldetik bereizitako hirugarren solaskidea, Mincha Miró, San Nicolas hirikoa da, Buenos Aires probintziaren iparraldean, eta hiriburuan bizi da. Txikitatik du euskal kulturarekin lotura, euskal etxean dantza egin izan baitu betidanik. Hain justu, dantzaren garrantzia aipatu dute hirurek, euskal mundura sarbidea ate horretatik izan baitzuten, gero beste arloetara iristeko, izan pilota, korua, euskara edo musa.
Kalean hitz egitea, ederra
Euskara ulertzeko eta hitz egiteko gai dira hirurak, baita Maizpideko ikastaroan dabiltzan gainerakoak ere. Internet bidez ikasi dute batzuek, hutsetik hasita. Euskal etxeetako euskara irakasleekin, beste batzuek.
Baina, Euskal Herritik 10.000 kilometrora, zaletasun handiena izanda ere, ezin izaten dute Argentinan egunero erabili, eta Lazkaon horixe suertatu zaie harrigarriena: «Euskara kalean eta jendearekin erabiltzea polita da; hori guretzat berria da. Zoragarria da Lazkaon kalean aritzea eta entzutea, aukera oso ona. Pazientzia handia daukate gurekin, eta asko laguntzen digute», aitortu du Mirok. «Belarria egiteko» balio izan dio Poumeri.
«Zoragarria da Lazkaon kalean aritzea eta entzutea, aukera oso ona. Pazientzia handia daukate gurekin, eta asko laguntzen digute»
Mincha Miro. Euskara ikasle argentinarra
Euskarara ekarri dituen bideak «pertsonalak» direla diote, bakoitzak dituela bere arrazoi, desira eta motibazioak. Eneka Cordobak, adibidez, Comodoro Rivadaviako euskal etxean euskara klaseak emango ditu, hara itzultzen denean. «Lotsa ematen dit hori esateak baina… A1 mailan hasiko naiz euskal etxeko lagunei eta bazkideei erakusten. Lehen aldiz izango dira euskara klaseak nire euskal etxean. Oso pozik gaude, eta haiek ere pozik daude nirekin. Harro sentitzen naiz, eta haiek ere bai».
Hizkuntzaren ikasketa hasieran «gogorra» izan zela eta «negar asko» egin zuela aitortu du Cordobak. Baina euskaraz egiten dute jada negar, eta barre, eta amets, Hego Amerika urrunean.