KulturAnitzek Pagoeta gune soziokulturala kultur kooperatiba batek kudeatzea proposatu du
KulturAnitz taldeak, kulturaren arloan lan egiten duen herritar talde batek osatua, Urretxuko alkatetzaren eta kultur eragileen arteko harreman eza salatu du gaur arratsaldean Iparragirre plazan. Kultura herriak eta kulturaren parte aktibo diren norbanakoek koordinatu eta bultzatu behar dutela aldarrikatu dute. Pagoeta gune soziokulturala kultur kooperatiba batek kudeatzea proposatu dutela eta gobernu taldeak ez dituela aintzat hartu salatu dute. Agerraldiaren hasieran Olaia Castro eta Amaiur Jauregik bi abesti jo dituzte eta amaieran Uxue Kerejetak beste bi.
Horra hor irakurri duten testu:
“Herri baten arnas da kultura. Musika, dantza, eskultura edo literatura… badut duda, bihurtu
denik zaindu nahi ez dugun hura. Horrela dio Julen Alonso trikitilariak bere abesti batean.
Guk ere zalantza berdina izan dugu askotan baina ez herriaren aldetik. Hemendik hasi
nahiko genuelako gaurko agerraldia. Eskerrak ematen, herrian kultura bizirik, zutik eta aktibo
mantentzeko lana egiten dute kultur eragile, norbanako eta talde guztiei. Kultura, herriarena
eta herriarentzat delako.
Musikari, dantzari, margolari eta ez bakarrik jende aurrean ikusten ditugunak, ekintza guzti
hauek aurrera eramateko atzean dauden antolatzaile, barrakide eta beharrezko beste mila
esku horiei ere eskerrak eman nahi dizkiegu.
Eta askok galdetuko zenioten zuen buruari, zer den KulturAnitz, nor dagoen horren atzean,
zein den honen helburua… Lasai! Guk ere talde bezala oraindik ez ditugu galdera guztien
erantzunak, baina batzuenak bai…
2023ko urtarrilean hasten du ibilbidea KulturAnitz taldeak. Oraindik izen, helburu eta
helmuga finkorik gabe. Baina amesteko gogo eta nahi izugarriekin.
Uggasa, Urola Garaiko garapenerako agentziak, asteazken kooperatiboak deituriko ekimena
jarri zuen martxan. Bertan sektore ezberdinei begirada kooperatibo batetik begiratzeko
planteamendua egiten zuten saio ezberdinak gauzatu ziren. 2023ko urtarrilaren 25ean
Kultura Begirada Kooperatibotik saioa gauzatu zen. Bertan, herritarrak kultura begirada
kooperatibo batetik begiratzera gonbidatu zituzten.
Bertara bi herrietako herritar ezberdinak gerturatu ziren eta sektore honetan gehiago arakatu
eta herrian zerbait eraikitzeko eta gauzatzeko nahiarekin, biltzen hasi ziren. Astero, gezurra
dirudien arren, hausnarketarako toki, lanerako toki eta jende berria ezagutzeko aukera izan
eta izaten ari da KulturAnitz. Ondorioz, eta lanean hasteko gogoarekin, hurrengo urratsak
ematen hasi ginen.
Bi herrietako sortzaile ezberdinekin bildu, ikastetxeetako ikasleei egitasmoaren eta taldearen
aurkezpena egin eta galdetegiak pasa, QRkode bidezko herri galdeketa egin… Modu
anitzetara herritarren beharrak eta kezkak aztertu ostean, taldea egonkortu eta proiektu bat
gauzatzen hasi ginen.
Gogoak, eztabaidak, ilusioak, hausnarketak… mila gauzek elikatu dute proiektua. Baina
batez ere beharrez hitz egin dugu gehienetan. Herrian kultura, kultur eragileek kudeatzearen beharraz. Herrian ekitaldi kulturalak egiteko fundamentuzko toki baten beharraz. Herrian jaioko diren proiektu kultural berrien etxea izango denaren beharraz. Herriko kultur ekosistema hazten eta elikatzen lagunduko duen toki baten beharraz.
Eta behar guzti hauek identifikatu ostean, aukerez hitz egiten hasi ginen. Herriak hau guztia
asetuko duen tokiaren aukerez. Eta segituan denoi eraikin berdina etorri zitzaigun burura.
Bai, herrian bertan 1945-1950 urteen bitartean eraiki zen eraikin neogotikoa. Urteetan zehar
eliza funtzioa bete duen eraikina, eta egun Pagoetako gune soziokulturala izena jasotzen
duena. Urretxuko Udala bertan egiten ari zen inbertsioaz baliatu eta espazioaren kudeaketa
aurrera eraman eta espazioa bizirik mantenduko zuen kultur kooperatiba baten proiektuari
forma ematen hasi ginen.
Behin aukera hau identifikatuta, udalarekin harremanetan jarri ginen. Gure proiektuaren berri
emateko eta beraien ideiak eta gureak elkarbanatu eta elkar entzuteko asmotan. 2023ko martxoaren 30ean udalaren Kultura departamentura lehen mezua bidali genuen
alkatearekin biltzeko nahia adieraziz. Gure harridurarako, asteak igaro eta oraindik
erantzunik jasotzen ez genuela ikusita, berriz ere idatzi genuen.
Hemen hasi ziren aitzakiak, Aste Santua gertu zegoela esan zigun hasiera batean eta
ondoren biltzea aproposagoa ikusten zuela. Ondoren, hauteskundeen gaia puri-purian
zegoela esan eta behin hauteskundeen emaitzak edukita hitz egingo genuela.
Azkenean, uztailaren 5ean alkatearekin eta kultura zinegotziarekin bildu ginen.
Bileran bertan alkatearen jarrerak ulertezinak eta onartezinak iruditu zitzaizkigun. Aurkezpena normaltasunez egin genuen, proiektuaren kokalekua azaltzen zuen
puntua heldu ginen arte.
Orduan ea zergatik ez genion proiektuaren berri lehenago eman aurpegiratu zigun, jakinda
beraiekin biltzeko lehen saiakera martxoaren amaieran egin genuela. Maila pertsonaleko komentarioak egin zituen bileran, momentua eta tokia ez zirenean. EH Bilduren eskua proiektuaren atzean zegoela aurpegiratu zigun…
Hau guztia gogor salatu nahi dugu. Ulertezina egiten zaigu alkate batek honelako jarrerak
edukitzea herriko kultur eragileekiko edota herritarrekiko. Alkatearen jarrerak alde batera utzi, ahaztu gabe, baina berak bileran egindako eskaerari erantzun eta guk egindako galdeketetako emaitzak partekatu genizkion. Datuek beraiek bakarrik hitz egiten dute eta argi eta garbi uzten dute herrian honelako kultur espazio baten beharra.
Honen guztiaren ostean beste bilera bat egiteko proposamena luzatu genien. Egun erantzun
sendo baten zain jarraitzen dugu. Beraien erantzun mezuak orokorrean, ez baitira batere
zehatzak.
Amaitzeko, alkatetzaren eta kultur eragile zein kulturaren parte aktibo diren norbanako
ezberdinen harreman eza mahai gaineratu nahi dugu. Pagoetako kultur gunea sortzerako
momentuan ez baita bilera ez iritzi eskaerarik egin.
Hau da, berriz ere, kulturaren inguruko erabakiak kulturan aritzen ez direnek hartu dituzte.
Honekin batera, KulturAnitzen izenean herrian kultura bizirik mantentzen duten norbanako
guztien lan boluntarioa eskertu nahi dugu berriro ere. Egun udalaren aldetik inongo berririk
jaso gabe jarraitzen dugu. Kultura herriarena/rentzat baldin bada, zergatik ez du honetarako sortu den espazioa herriak kudeatzen? Galdera honen erantzunaren zai jarraitzen dugu…”.