Haur errefuxiatu sahararrak etxean hartzeko 300 familia behar dira
Oporrak bakean egitasmoa abiatu dute, haur errefuxiatu sahararrek basamortuko baldintza gogorretatik kanpo bi hilabete igaro ditzaten. Goierriko familiei ere parte hartzera dei egin diete.
2024 urteko udara begira 300 harrera familia lortzeko helburua ezarri du Oporrak bakean egitasmoak. Horri esker, zortzi eta hamabi urte bitarteko 300 haur errefuxiatu sahararrek, basamortuko baldintza gogorretatik ateratzeko aukera izango dute bi hilabetez.
Larunbatean Donostiako Ernest Lluch kultur etxean elkartu ziren Euskal Autonomia Erkidegoko elkarte eta eragileak, gizarte osoari urgentziazko deia egiteko. Izan ere, bertan azaldu zutenez, «pandemiaren eraginez nabarmen egin du behera harrera familien kopuruak EAEn». Mohamed Fadel Mojtarrek Fronte Polisariaok EAEn duen ordezkariak azaldu zuen, programa hau errefuxiatuen osasunerako «oso garrantzitsua» dela. Medicos del Mundo erakundearen arabera, ohiko osasun arazoez gain, Saharako hiru haurretik batek bakarrik jasotzen du hazkuntza egokia izateko behar duen dieta. Hori horrela, Oporrak bakean egitasmoa, arnasgune bat da.
Era berean, errefuxiatuen kanpamenduetan eta diasporan sakabanatuta egotera behartzen dituen Mendebaldeko Saharako gatazka ezagutzera emateko ere balio du egitasmoak.
«Sekulako abentura»
Estibaliz Barriosek egitasmoarekin bat egiteak eta familian haur saharar bat bi hilabetez izatea zer den azaldu zuen agerraldian. Udako bi horietan izaten diren zailtasunak, beldurrak eta pasadizoak kontatu zituen, baina batez ere, familiarentzat, haurrarentzat eta haien senideentzat suposatzen duen esperientzia pertsonala nabarmendu zuen. «Sekulako abentura» dela ziurtatu zuen.
Haurrak harrera familiekin egon bitartean, jarduera aipagarrienak bisita medikoak, hondartzara edo igerilekura egindako txangoak, eta udalerrietako harrera jaialdiak dira, besteak beste.
Goierriko familiei deia
Goierri goian, Hare Haizea elkartearekin harremanetan jarri behar da, 675 711 839ra edo 692 101 057ra deituta edo harehaizea@gmail.com epostara idatzita. Goierri behean berriz, 671 468 144ra deituta.