Euskararekiko konpromisoa berretsi dute Ordiziako hamalau enpresak
Lan munduan euskara sustatzea helburu duen Lanean egitasmoko hitzarmena sinatu dute gaur eguerdian Barrena Jauregian. Horietatik zortzi enpresatan diagnostiko laburra ere egin dute.
Ordiziako hamalau enpresak euskararekiko konpromisoa berretsi dute, Lanean egitasmoaren barruan egindako lanketa jasotzen duen hitzarmena sinatuta. Gaur eguerdian Barrena Jauregian elkartu dira konpromiso hori paperean idatzita uzteko. Adur Ezenarro Ordiziako alkateak eta Xabier Perez Goiekiko ordezkariak azaldu dute egitasmoa, eta ondoren, enpresetako arduradunek hitzarmena sinatu dute banan-banan.
Lan munduan euskara sustatzea du helburu Lanean ekimenak. Duela ia bi hamarkada jarri zuen martxan Ordiziako Udalak, baina 2008ko krisialdian eten egin zuten. Duela bi urte berriz ere gaiari heltzea erabaki zuen udalak, eta Orklirekin, Eroskirekin, Goiekirekin, Ikaslanekin, Goierri Eskolarekin eta Ordizian-ekin elkarlanean berriro abiatu zuten, Emun enpresaren aholkularitzaren gidaritzapean.
Sinatzaileak
Harrezkero egindako lanketa hitzarmenean islatuta geratu da. Esti Ruano, Arana motor, Hotel Ordizia, Biok zerbitzuak, Goiener, Muebles Ordizia, Erro, ACV, Goierri eskola, Goieki, Ikaslan, Tandem, Ordizian eta Eroski City izan dira hitzarmena sinatu duten enpresak. Lehen zortzietan, gainera, euskararen erabilera aztertzeko diagnostiko laburra ere egin dute. Lau konpromiso zehaztu dituzte: Lanean programarako solaskidea izendatzea eta langileei hitzarmenaren berri ematea; hizkuntza-egoeraren diagnostikoa egitea; hitzarmen kideen arteko harremanetan euskara sustatzea; eta urtean behin gutxienez euskara sustatzeko ekintzaren bat egitea (Euskaraldian parte hartzea, webgunea euskaraz jartzea, dokumentazioa euskaratzea…).
Eragileen arteko elkarlana
Enpresen dinamiketan ez ezik, lanbide heziketan, praktikaldietan zein ekintzailetzan sustatu nahi dute euskararen erabilera, Ikaslanekin eta Goierri Eskolarekin lan eginda. Gazteek ibilbide profesional osoa euskaraz egin ahal izatea bermatzea ere bada beste helburuetako bat. “Lanean egitasmoko enpresa eta eragileok funtsak definitu ditugu eta garbi daukagu lan arloa euskaraz nahi dugula, euskara balioan jarri nahi dugula”, adierazi du Goiekiko ordezkariak. Aurrerantzean konpromiso horiek “proaktiboki promozionatuko” dituzte, eta hori bideragarria izan dadin, eragileen arteko elkarlana azpimarratu dute: “Denon artean egin behar dugu, komunitatean, administrazio, enpresa eta eragile ezberdinen artean”.