San Andres eskolako ikasleen objektu kuttunen erakusketa ireki dute
‘Gure Ondarea’ martxoaren 9ra arte dago ikusgai Zumalakarregin. Ikasleei ondarearen kontzeptua gerturatzea da helburua. Inaugurazioa atzo arratsaldean izan zen.
Ormaiztegiko Zumalakarregi museoak eta San Andres herri eskolaren arteko lankidetzak eman ditu bere fruituak beste urte batez. Ondarea proiektuaren baitan, Gure Ondarea erakusketa inauguratu dute aste honetan LH 5. mailako ikasleek herriko museoan. Atzo arratsaldean irekita, martxoaren 9ra arte egongo da ikusgai, museoaren ohiko ordutegian.
2013an jarri zuten martxan bi erakundeek Ondarea proiektua, «elkarren artean zubiak eraikitzeko», Cristina Alvarez, Zumalakarregiko Hezkuntza eta Komunikazio arduradunak esan duenez. LHko 5. mailako ikasleei ondarea zer den azaltzea da helburu nagusia, «kontzeptu konplexua da beraientzat. Hainbat ariketa eta adibideren bitartez, esanahia ulertzeko aukera dute», dio.
Hamar egunez ikusgai
Lau saio egin dituzte guztira, eta 10 ikaslek hartu dute parte —LK 5. mailako guztiak—. Azken saioan, Gordailua —Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumaren Zetroa— bisitatzeko aukera izan dute.
Proiektua borobiltzeko, urtero bezala, ikasleei beraientzako ondarea izan daitekeen objektu bat museora eramateko eskatu zaie, ondoren, erakusketa antolatzeko. «Aiton-amonekin haurrak zirenean ateratako argazkiak, jostailuak edo peluxeak izaten dira gehienak», zehaztu du Alvarezek. «Objektu horiei esker ondarea zer den ikasten dute», gehitu du. Erakusketa asteazken arratsaldean inauguratu zuten. «Erakusketa xumea da, batez ere ikasleei, haien familiei eta ormaiztegiarrei eskainitakoa», dio.
Beste proiektu batzuk
Ez da hau, Zumalakarregik eta San Andresek elkarlanean egiten duten hezkuntza proiektu bakarra. LH 2. mailako ikasleekin historia eta herriko ondareari buruzko saio bat egin ohi dute ikasturte hasieran. Alvarezen hitzetan hezkuntza proiektu guztien artean «garrantzitsuenetako» bat da Guztiok gara migratzaile deiturikoa. Pasa den astean bertan hasi zuten LH 6. mailako ikasleekin. Ekainean amaituko dute eta orduan ere, erakusketa zabalduko dute museoan ikasitakoa herritarrei helarazteko helburuarekin.