"Etxean eta egoitzetan zaintza duinak" aldarrikatu dituzte pentsiodunek
Martxoaren 8arekin lotuta, "etxeko zaintzak profesionalizatua, integrala eta kudeaketa publikoaren bidezkoa izan behar" duela adierazi dute Goierriko Pentsiodunek gaur Ordiziako Plaza Nagusian.
Bi astez behin egin ohi duten bezala, Goierriko 75 bat pentsiodun Ordiziako Plaza Nagusian elkartu dira gaur goizean. Gutxieneko pentsioak 1.080 eurora arte 14 ordainsaritan osatzeko eskaera plazaratzearekin batera, martxoaren 8arekin bat egin dute eta Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu diete zaintza sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoa bermatzeko.
“Etxean eta egoitzetan zaintza duinak” aldarrikatu dituzte eskualdeko pentsiodunek, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren irakurketa partekatuta. “Etxeko zaintzak profesionalizatua, integrala eta kudeaketa publikoaren bidezkoa izan behar” duela adierazi dute. “Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan oinarritu behar da. Ezinbestekoa da zerbitzu hori eraldatzea, zainduen premiei behar bezala erantzuteko eta behar duten pertsona guztientzat eskuragarri izan dadin, edozein dela ere haien gaitasun ekonomikoa. Eta, azkenik, emakume langileentzat soldata- eta lan-baldintza duinak bermatuko dituen zerbitzua lortzeko. Zerbitzu hori ezin da negozio hutsa izan enpresa jakin batzuentzat, zerbitzua jasotzen duten langileen eta pertsonen kontura”.
Egoitza ereduaren aldaketaren aldeko aldarriak ere egin dituzte, esanez, egoitzetako zaintzak “bateragarria izan behar” duela auzo edo herri harremanak izatearekin. “Egoitzak inguruko komunitateari irekita egon behar du, jarduerak egiteko, belaunaldi desberdinetako pertsonen arteko harremanak bultzatzeko, etab. Eta, jakina, kalitatezko zaintza eskainiz”.
Horretarako, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, Foru Aldundiei eta udalei eskatu diete “zainketen inguruko eztabaida sozialari modu parte-hartzailean heltzeko, maila ezberdinetan erakundeen arteko mahaiak osatuz eta erakundeen, mugimendu feministaren eta eragile sindikal eta sozialen parte-hartzea sustatuz”.
Aldi berean, emakume eta gizon pentsiodunak deitu dituzte mugimendu feministak martxoaren 8rako antolatutako mobilizazioetan parte hartzera, “guztiontzako zaintza duinak aldarrikatuz”.