Adineko emakumeengan jarriko dute fokua martxoaren 8an
Eudelen adierazpenarekin bat egin du Beasaingo Udalak, adineko emakumeen eskubideak defendatzeko konpromisoa hartuz. Egitarau zabala iragarri dute.
Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Eudelen adierazpenarekin bat egingo du Beasaingo Udalak, adineko emakumeengan fokua jartzen duena. «Adineko emakumeek dituzten jakinduriak eta errealitatearen ikuspegi kritikoa balioestea lagungarria da memoria historikoa erreparatzeko. Konponketa horrek aukera ematen digu gure aurreko emakumeak ezagutzeko eta iragana, oraina eta etorkizuna lotuko dituen belaunaldien arteko transmisioa bermatzeko», azaldu zuen Leire Artola alkateak Martxoaren 8ra begira egin zuten agerraldian.
Aitortza hori abiapuntu, hainbat konpromiso hartu ditu Beasaingo Udalak. Ainhoa Arrese berdintasun zinegotziak iragarri zuen, emakume horien memoria historikoa aitortu eta berreskuratuko duten proiektuak garatuko dituztela, baita mugimendu feministak aintzatesten lagundu ere. Era berean, ezagutzak eta esperientziak trukatzeko belaunaldien arteko topaketa eta elkarrizketa guneak babestea eta emakumeen ikusgarritasun soziala, bereziki adinekoena, sustatzeko lan egingo du Udalak.
Gainera, adineko emakumeei, bereziki alargunei, ahalduntze ekonomikoa bermatuko dieten diru sarreren eta pentsioen eskaera babestuko dute, horren eskumena duten erakundeen aurrean, eta emakume horiek dituzten laguntza eta prestazio ekonomikoak ezagutarazten jarriko dituzte indarrak.
Adineko emakumeei autonomia eta aktibismoa mantentzea ahalbidetzeko Udal eskumeneko laguntzak eta zaintza zerbitzu publikoak indartzeko konpromisoa ere hartu du Beasainek. Kolektibo honen aurkako indarkeria matxistaren eraginari aurre egiteko erantzunak ere eginkizun hartzen ditu Udalak. Azkenik udalerriak emakumeen tokiko memoria berreskuratzeko abian jartzen ari diren ekimenak ezagutaraztea eta ikusaraztea konpromisotzat hartzen ditu.
Egitaraua
Beasaingo Berdintasun Kontseiluak, Asmubek, Asanblada feministak eta udal euskaltegiak Udalarekin elkarlanean antolatutako egitarauaren berri ere eman zuten aurkezpenean. Gogoratu, ez dela martxoaren 8ko egunera mugatuko.
Gaur, 18:30ean, Envasadas mikro-antzezlana izango da Igartzako jauregian. Zaloa Zamarreño eta Libe Mendizabal beasaindarra dira ikuskizuneko protagonistak.
Jarraian, 19:00etan, Asmubeko kideen lanen erakusketa inauguratuko dute, Igartzan.
Gainera, Udal Euskaltegiaren M-Lehiaketak lau emakume eraldatzaile gogora ekarriko ditu, eta zeintzuk diren asmatu beharko da. Martxoan zehar egingo da.
Martxoaren 8a, aldarriak kalera ateratzeko eguna izango da. Beasainen, hiru hitzordu nagusi izango dira; 11:00etan herriko ikastetxeen ekitaldia izango da udaletxean. 12:00etan, Loinazko San Martin plazan kontzentrazioa egingo da, eta azkenik 18:00etan Dena aldatzeko ekitaldiari emango zaio hasiera, Erauskin plazan.
Gogoratu dute ere, Martxoaren 8ko banderolak IGunean daudela eskuragarri. Leiho eta erakusleihoak morez janzteko deia egin dute Beasaingo Udaleko ordezkariek.