Eskolarteko txirrindulari proba antolatu du berriz, Elkartu Nahik Zegaman
Andoian eta Goierri arteko txirrindu eskolek parte hartuko dute. Kimuen eta haurren mailako ehun txirrindulari espero dituzte. Herrian zeharreko ibilbide zirkularra osatu beharko dute.
Zegamako Elkartu Nahi txirrindulari elkarteak antolatuta, Eskolarteko txirrindularien 6. lasterketak izango dira larunbatean. Kimuen eta haurren mailako —neska zein mutil— txirrindularien arteko lasterketak izango dira eta Gipuzkoako hainbat txirrindu eskolen parte hartzea espero dute. Aurretik, Aitxuri herri eskolako ikasleek lasterketa herrikoia egiteko aukera izango dute.
Oinarrizko txirrindularitzan dabiltzan gazteei «jolas moduan txirrindularitza gerturatzea» da lehiaketa hauen helburu nagusia, Elkartu Nahiko Ruben Zabaletak esan duenez. Goierritik Andoinera bitartean dauden txirrindu eskolek hartuko dute parte: «Goierriko Ampo eta Tolosaldea, Villabona-Amasa, Zizurkil eta Andoiango eskolek». Guztira, «ehun bat» txirrindulariren parte hartzea espero da.
Ibilbide zirkularra osatu beharko dute, plazan hasi eta amaituko dena. 16:00etan kimuen mailakoen txanda izango da eta ondoren haurrena. «Bost eta hamar» itzuli egin beharko dituzte, hurrenez hurren. Iaz bezala, Aitxuri eskolako haurrak izango dira ibilbidea probatzen lehenak, 15:30ean hasiko den lasterketa herrikoian.
Elkartu Nahiren egutegian hurrengo proba ekainaren 1ean Zegaman jokatuko den gazteen mailako Euskal Herriko txapelketa dago. Baita, abuztuan San Bartolome jaietan antolatzen duten elite eta 23 urtez azpikoen txapelketa ere. Amaitzeko, babesleei eskerrak eman dizkiete, «urtero ekintza hauek aurrera eramaten laguntzeagatik».