Ezkioko ‘Igeldo’-ren eta Aiako ‘Erreista’-ren arteko idi apustua, larunbatean
Azkoitiko Gurea probalekuan jokatuko da, 22:00etan. Ipintza harria erabiliko dute desafiorako. Igeldok proba «oso gogorra» espero du, baina «irabaztera» joango da.
Ezkioko Iker Zubillaga Igeldo-ren eta Aiako Erreista-ren idien arteko apustua jokatuko da datorren larunbatean Azkoitiko Gurea probalekuan, 22:00etan hasita. Igeldoren idiekin Asier Zubillaga anaia eta Asier Alegria ibiliko dira itzain lanetan eta Tubilla anaiak Erreistarenekin. Ipintza harria erabiliko dute probarako eta ordu erdian plaza gehien egiten dituen idi parea izango da garaile. 3000 euro daude jokoan.
Orain hilabete pasatxo bota zion desafioa Zubillagak Erreista-ri, «aurkari oso zaila da, baina ni irabaztera noa», dio Zubillagak apustuaren bezperatan. Urtarrilaren 2an eta 8an Elgoibarren eta Deban jokatu ziren kintopeko idi gazteen sarietan «probatu» zuen Zubillagak atera berri duen idi parea. «Elgoibarren bigarren egin nuen eta Deban irabazi», oroitu du.
Ipintza «betiko» harria
Urte hasieran idi pare berriak egindako marka onekin animatuta doa Zubillaga larunbateko apustura, baina badaki proba «oso gogorra» izango dela. Erreista-k idi pare onak ateratzeko ospea du, eta jokatutako apustu ia gehienak irabazitakoa da, «jokatutako apustu guztien %95 irabaziak izango ditu», baieztatu du Ezkiokoak.
Larunbatekoa ikuskizun «ikaragarria» izango delakoan da, «oso parekatuta ibiliko garela iruditzen zait», aurreikusi du, eta azkeneko segundora arte ez dela irabazlea erabakiko uste du.
Azkoitiko Gurea probalekuko Ipintza harriarekin jokatuko dute norgehiagoka. Kintopeko proba gehienak jokatzen dira harri honekin. «Betiko» harria da, urte asko dituena eta ibiltzeko «zaila».
Igeldoko ezkiotarrak
Pisaketa larunbatean 10:00etan egingo dute. Idiek 1.140 kilo pisatu beharko dituzte eta hortik gora, kilo bakoitzeko kilo eta erdiko gainkarga izango dute. 17:00etan zozketa bidez erabakiko dute zein idi pare irtengo den aurrena. Proba Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak kontrolatuko du.
Zubillaga anaiak Igeldokoak dira jatorriz —hortik ezizena—, baina, orain 42 urte gurasoek Ezkion baserria erosi eta Goierrira etorri ziren bizitzera.