Garik estudio lan berria kaleratuko du martxoaren 14an
'Behin bizitzea' da Gari & Maldanbera taldearen disko berriaren izena. 'Elurretan etzan' aurrerapen kantua ere kaleratu du Legazpiko musikariak.
Garik estudio-lan berria kaleratuko du martxoaren 14an: Behin bizitzea. Baina Gari ez dator bakarrik, bere ohiko banda bihurtu den Maldanberarekin baizik: Alex Alonso (bateria eta programazioak), Oier Aldekoa (baxua eta ahotsak), Miguel Moyano (gitarra, programazioak eta ahotsak). Eta orain, azken lan honetan, Iker Lauroba gehitu zaie (teklatuak eta ahotsak).
Diskoa 2024ko otsailean grabatu eta masterizatu da, Elkarrek Adunan duen estudio berrian, Victor Sanchez ingeniari beasaindarraren gidaritzapean. Nahasketak, berriz, Unai Mimenzak egin ditu.
Elurretan etzan abestia da martxoaren 14an argitaratuko den diskoaren aurrerapena, diskoko lehen abestia.
Kantuaren hitzak Karmele Jaio idazlearenak dira eta musika, berriz, Garirena.