Lazkaon mendi astearekin ospatuko dute Amalur taldearen 50. urteurrena
Astean zehar, egunero mendiarekin lotutako ikus-entzunezko bat ari dira ematen, Arerian. Alberto Urtasunen txanda da gaur, Mikel Saez de Urabainena bihar. Urtemuga ekitaldia etzi da.
Lazkaoko Amalur elkarteak mende erdia bete du. 1974an sortua Domarda elkartearen barruan, mendizaletasuna jorratzeko eta herrian ereiteko lanean jardun da, 50 urteotan. Birfundazio bat iaz egin ondoren, eta talde eragile berriaren eskutik, Mendi Astea ari dira ospatzen.
Astelehenean hasi zen egitaraua, eta mendiko film edo ikuskari bana ematen ari dira, Areria aretoan, 19:00etan. Saioa Bolibar eta Irune Gabilondo izan ziren herenegun, Uganda bizikletaz lanarekin; eta Ekaitz Maiz eta Joseba Iztueta atzo, Zanskar dokumentalean Amaiur Peak igoera ineditoa erakutsiz.
Ekitaldia ostiralean
Alberto Urtasun iruindarrak A pulmon ikuskaria aurkeztuko du, gaur. Biriketako minbiziarekin gaixoturiko mendizale batekin garatutako proiektua da.
Bihar, emanaldiekin amaitzeko, Mikel Saez de Urabain alpinista ordiziarraren txanda izango da. Iaz Bhagirathi III mendia (6.454m) igo zuen, beste hiru lagunekin batera, Indiako Garhwal mendigunean. Espedizio haren erreportajea botako du.
Ostiralean, azkenik, Amalur taldearen 50. urteurreneko ekitaldi berezia egingo dute, Arerian bertan. Taldearen historiaz bideo bat ondu dute, bertan ibili direnen testigantzekin, eta hura emango dute. Amalur sortu aurretik Lazkaon mendizaletasunaren inguruan zer mugimendu zegoen ere jaso dute.
Argazki erakusketa ere egongo da, 50 urteetako irudiekin. Mokadu batekin bukatuko da festa.