Moda mundu esklusiboari ikuspegi inklusiboa eman diote ehun bat eragilek
Larunbatean moda desfile inklusiboa izango da Beasaingo Gernika pasealekuko frontoian, 19:00etan. Hainbat gizarte eta kultur eragilek parte hartu dute proiektuan, baita Beasaingo ikastolako ikasleek ere, Arteria Errizomaren lanketarekin bat eginda.
Moda mundu esklusiboari ikuspegi inklusiboa emateko elkarlanean aritu dira eskualdeko 100 bat gizarte- eta kultur-eragile azken urtean, eta lan horren emaitza islatuta geratuko da larunbatean Beasaingo Gernika pasealekuko frontoian egingo den moda desfile inklusiboan. 19:00etan izango da.
Gaur goizean Ordiziako Garagunean eman dute proiektuaren berri parte hartu duten eragile, talde, irakasle eta ikasleek. Arteria Errizomaren lanketaren barruan kokatzen da. 2022an Egoera zaurgarrian dauden pertsonen parte hartzea kulturan ikerketa jarri zuten abian. Ikerketa parte hartzailea izan zen, eta parte hartu zuen orok ikertu egin zuen. Ibilaldiak, txangoak edota tailerrak egin zituzten, eta kultur irisgarritasuna lortzeko zer oztopo zeuden aztertu zituzten, Arteria Errizomako Iker Zinkunegik azaldu duenez. “Moda proiektu honen haziak orduan hasi ginen garatzen. Hortik jaso genituen ondorioei modu komunitarioan erantzuteko parte-hartze komunitarioa eraman genuen aurrera”. Ondorio horietatik tiraka, bost proiektu inklusibo diseinatu zituzten. Lehenengoa da larunbatean burutuko dutena: Gmoda GURE MODA, GUZTION MODA.
Parte hartze prozesuko mahai batean sortu zen ideia. Atzegiko erabiltzaile batek azaldu zuen modelo izatea gustatuko litzaiokeela. Legazpiko eta Ordiziako Garaguneetako erabiltzaileek ere adierazi zuten modarekiko interesa. “Mahai berezi bat sortu genuen, lehenengo gizarte eragileak soilik egon ziren, eta ondoren sortzaileak inkorporatu ziren mahai horretara”. Beasaingo Andramendi ikastolak, Lagunkiro giza boluntariotzarako elkarteak, Ordizia Kolorek, Garaguneak, Goienetxe Fundazioak… parte hartu dute eta lanketarekin jarraitzen dute. “Guztion artean mundua leku justuago bat egitearren lanean ari gara”.
Asier Zinkunegi Arteria Errrizomako kidearen hitzetan, “potentzialitate handia” ikusi zioten proiektuari hasieratik, modaren munduak ezartzen dituen patroiengatik. “Ez dugu ahaztu behar modaren munduak patroi ezberdinak indartzen eta inposatzen dituela, forma konkretu batzuk dituzten gorputzak, gaitasun zehatz batzuk dituztenak, edertasun konkretu batzuk inposatzen ditu gizartean eta guk uste dugu balio horietaz harago aniztasun aldarrikatu behar dela”. Hala, parte hartzaileen artean daude kultura ezberdinetako pertsonak, erlijio ezberdinak dituztenak, gaitasun ezberdinak dituztenak, fisiko ezberdinak, adin ezberdinetakoak, sexu-interes ezberdinak dituztenak… “Gizartean dagoen aniztasuna presente dago proiektuan eta moda bezalako esparru esklusibo batean aldarrikatzen da”.
Giza eskubideen aldarrikapenaren 27. artikulua ekarri dute gogora Arteriako kideek, esanez, nahiz eta artikuluak gizaki orok kultur jardueretan parte hartzeko eta garapen zientifikoen onura jasotzeko eskubidea duten, kultur ekintzetan ez dela hori islatzen: “Argi ikusten dugu pertsona estilo konkretu bat dagoela, publikoan zein taula gainean”. Eskubide hori aldarrikatzeko, gizartean dagoen aniztasuna kultur jardueretan islatzeko eta inklusioa sustatzeko ari dira lanean.
Proiektu “aberasgarria”
“Oso eskertuta” agertu dira parte hartzaile guztiekiko, “oso proiektu exijentea” izan delako, “elkarrekin garatu” dutena. Modarekiko interes hori azaleratu zenean, Leire Santillan moda diseinatzaile urretxuarra inkorporatu zen proiektura. Hala, Santillanek berak joskintza klase batzuk eman zituen Andramendi ikastolako ikasleentzat, eta ikasleek egin dituzte larunbateko moda desfilean ikusiko diren jantzietako batzuk. Agurtzane Agirre ikastolako idazkari akademikoak azaldu duenez, 27 ikasle animatu ziren proiektuan parte hartzera, eta 20 modeloren jantziak sortu dituzte. Ikasleentzat proiektu “aberasgarria” izan dela dio: “Elkarrizketak izan dituzte modelo horiekin, komunikatzeko moduak ere aldatu behar izan dituzte”. Ikasleei, esan dutenez, “josten ikastea eta jende berria ezagutzea” gustatu zaie gehien. Larunbatekoa ikusteko “gogotsu” daude.
Modeloei dagokienez, batzuk urduri daude, beste batzuk lasai, baina denak gogo handiarekin larunbatean desfilatzeko. Maider Bartolome (Zazpi Arte) izan dute bidelagun entseguetan, eta azaldu duenez, “terapia zoragarria izan da denentzat”. Lotsa kendu eta ahalduntzea barneratu dute oholtza gainean jartzeko. Isidro (Lagunkiro) eta Geovanny (Ordizia Kolore) dira modeloetako bi, eta biek modelo izango diren Garaguneko erabiltzaileen gogoa eta ilusioa azpimarratu dituzte: “Haiek animatzen gaituzte, haiek hain irmo eta seguru ikusita. Elkarrengandik ikasten ari gara”.
Larunbatean, 19:00etan
Moda desfilearen aurkezpena amaitzeko, proiektuan 100 bat pertsonak parte hartu dutela gogorarazi du Zinkunegik, eta eragile ezberdinen arteko saretzea ezinbestekoa izan dela hura gauzatu ahal izateko. Emaitza nagusia larunbatean islatuko da pergoletako frontoiko oholtzan. Herritarrak animatu dituzte parte hartzera. Ordizian ere egingo dute beste moda desfile inklusibo bat, baina aurrerago zehaztuko dute data.