TAO ordenantza berriarekin «kezkatuta» daude merkatariak
TAO eremu berriko merkatariek diote «oztopo bat gehiago» dela. Gune marroi gehiago, eta merkatari eta langileentzat egoiliar txartela eskatu ditu Bareak elkarteak.
Trafikoaren eta Aparkalekuen Ordenantza (TAO) berrituak hautsak harrotu ditu Beasainen. Merkatariek kezka adierazi dute. Haien egunerokoan «oztopo bat gehiago» dela salatu dute, eta udalari eskatzen diote, «nolabaiteko irtenbidea adostea».
Oraindik ez da indarrean sartu TAO ordenantza berritua, alegazioak egiteko epea zabalik dagoelako martxoaren 15era arte. Baina urtarrileko osoko bilkuran EAJren botoekin hasierako onespena eman eta gero, bere horretan aplikatzen bada, beste TAO eremu bat izango da Beasainen. Orain arteko aparkatzeko ordainpeko eremuaren azalera handitu egingo da, ondorioz.
Barrendaindik Foru eta Dolarearaino TAO eremua jartzea onartu zuen Beasaingo Udalak. Trenbide kalea, Oriamendi kalea, Foru kalea eta Zelaeta kalea ere sartuko dira TAO eremu berrian. Hori da ordenantzak lekarkeen berrikuntza nabarmenena eta, gainera, egoiliarrentzako aparkaleku kopurua handituko da.
Udalaren esanetan, «mugikortasuna eta bizi kalitatea hobetzea» dute helburu egindako aldaketek. TAO eremu berrian kokatuta dauden zenbait saltokietako arduradunek, ordea, GOIERRIKO HITZAri adierazi diote «kezkatuta» daudela. «Egoiliarrentzat arnasa izan daitekeena, orain arte zegoen aparkatzeko arazoa murriztuko liekeelako haiei, merkatarientzat, oztopo bat gehiago da», kexatu da Mujika Harategiko arduradun Elena Perez.
«Mugikortasuna eta bizi kalitatea hobetzea» da Beasaingo Udalaren helburua
Irene Gastaminza Hurbileko jalea dendako arduraduna ere iritzi berekoa da. «TAO ordenantzaren berri izan genuenetik, inguruko merkatarien ahotan dabilkigun gai bat da. Oztopo bat gehiago da, eta galera ekonomikoa suposatuko digu, zuzenean eta zeharka: lanera gatozenoi gastu bat gehiago suposatuko digu edo gure lantokitik urrun aparkatzera behartuta egongo gara». Bezeroei ere eragingo diela sinetsita daude. «TAO eremu berriak bezeroak uxatuko dizkigula uste dugu», gaineratu du Gastaminzak.
Udalari «nolabaiteko adostasun» batera iristeko eskari egin diote.
Bareak elkartearen eskaera
Bareak merkatari elkarteak egin ditu proposamen batzuk: alde batetik, gune marroian merkataritza sektoreari zuzendutako aparkatzeko tokiak egotea nahi dute. Gune marroia denbora mugatuko eremua denez, ibilgailuen errotazioa bermatuta dago. Eta, hortaz, espazio libre gehiago aurkitzeko aukera dago. Eta, bestetik, egoiliar txartela edukitzeko aukera ematea. Asko dira beste udalerri batzuetatik Beasainen euren negozioa irekitzea aukeratu duten pertsonak edota, beste udalerri batzuetatik Beasaingo herrira lanera etortzen direnak. Hori dela eta, Bareak merkatari elkarteak merkatarientzat egoiliar txartela eskatu dute.
Bareak merkatari elkartekoek diotenez, «krisi ezberdinei» egin behar izan diete aurre azkeneko urteetan, eta «gerra digitalaren aurka» ere egin beharrean daude: online salmentak, digitalizazioa, eta abar. Hori dela eta, saltoki berriak irekitzea ekintzaile askorentzat «ez dela erakargarria» diote, Bareak elkartetik egin duten analisiaren arabera. Hori guztia kontuan izanda, ematen ari diren itxierak aintzat hartuz eta epe laburrera hartuko diren erretiroek aurreikusita, laguntza eskatu dute.
Bareak merkatari elkarteak merkatarientzat egoiliar txartela jartzeko eskatu dio udalari
Beasain herri erakargarri bat izateko eta herri bizi bat izaten jarraitzeko merkataritza sektorea «ezinbestekoa» dela nabarmendu dute. «Merkataritzak herriko ekonomian laguntzen du, ekonomia zirkularra bultzatzen delarik, eta horrek herrian zein herritarrengan inpaktu zuzena dauka. Hori gutxi balitz, lanpostu ugari ere sortzen ditu herrian dauden negozio mota ezberdinekin».
Alegazioak egiteko epea
Ordenantza berria edonork kontsulta dezake. Alegazioak hilaren 15era arte egin ahal izango dira, IGunean presentzialki edo Internet bidez Beasaingo Udalaren webguneko egoitza elektronikoaren bidez. Epea igarota halakorik ez badago, ordenantza irailean sartuko da indarrean.