Udaberriko zantzua, ilar berria hasi da
Ibarrako Montesenekoek lehen ilarra ekarri dute. Ospakizun eguna izan da Lazkaoko Atienza-Artolaren postuan. Neguko eskaintza pixkanaka urritzen ari da. Ximon Aizpuruk etortzeari utzi dio.
Azokan produktu jakinak saltzen dituztenen joan-etorria denboraldiaren arabera ohikoa da. Gaurko egunak horrelako markak utzi ditu. Batetik, udaberriaren hurbiltasunaren seinale oso nobedade preziatua Arantxa eta Patxi, Montesenekoen postuan: lehenengo ilarra. Ohikoa denez estimazioaren araberako prezioa izan du: 14 euro kiloa bere leka eta guzti.
Bestetik, Ximon Aizpuru errezildarrak etortzeari utzi zion atzo. Batez ere sagarrak saldu ohi ditu Mugarrieta baserrikoak. «Lehen San Juan sagarrekin hasiko naiz uztaila hasiera aldera berriz ere», adierazi du. Denboraldiko salmentaz oso baikor agertu da errezil sagarra dela izarra garbi utziz.
Patxi Atienza 40 urtez
Patxi Atienzak 40 urte egin ditu feriaz feria saltzaile gisa eta Ordizian ospatu nahi izan du, hamar bat gutxiago daramatzan Rakel Artola emaztearekin batera. Haien postura hurbildutako guztiei, propio jarritako kupeletik, sagardoa eta mokadu bat eskaini diete gaur.
1984ko martxoaren 6an hasi zen Patxi Zumarragako ferian, Agustin Atienza eta Josefa Usabiaga gurasoen ondoan. Lazkaon bizi baziren ere, ama Itsasokoa zen, eta baserriko produktuak saltzen ibilia zen gaztetan gurasoekin. Aita, berriz, nafarra, eta 1983an lanik gabe geratzean, feriaz feria ibiltzea erabaki zuten.
Hasieran, beraien baserriko barazkiak, intxaurrak eta loreak saltzen zituzten. «Zure amari ikaragarri gustatzen zitzaizkion loreak, zenbat gladiolo saldutakoak garen», ekarri du gogora Rakelek.
Aralarko Oidui txabolan amaren anaia Santi Usabiagak egindako gazta ere saltzen zuten, behin Ordiziako txapelketa irabazitakoa. Gerora, negozioa handitzen eta aldatzen joan da. Gaur egun Patxi eta Rakelen eskuetan dago. Gazta, lekaleak eta txarkuteria saltzen ditu batez ere.
Patxiren kontakizuna azken 40 urtetako azoken garapenaren lekukotza aberatsa da.