Agurtzane Gabiria eta Zaldibiako Udala, Landaola sarietako hautagai
Legazpiko Makatza baserrian gurasoek urtetan egindako lanari segida emateagatik izendatu dute Gabiria, eta Kixkurgune taberna-jatetxea zabaltzeko egindako apustuagatik Zaldibiako Udala. Sari banaketa ekitaldia martxoaren 14an izango da, Usurbilen.
Gipuzkoako landa eremuaren garapenaren alde lan egiten duen Landaola elkarteak martxoaren 14an banatuko dituzte Usurbilen VII. Landaola sariak. Gipuzkoako sei landa garapen elkarte biltzen ditu Landaolak, tartean Goierriko Goimen. Bi dira aurtengo deialdian hautagai izateko izendatu dituzten goierritarrak: Erakunde pribatuen eremuan Legazpiko Makatza baserriko Agurtzane Gabiria, eta erakunde publikoen atalean Zaldibiako Udala.
Sariak emateko garaian, honako alderdiak hartu dituzte kontuan: proiektuak eredugarri izateko dituen baldintzak, proiektuak eragiten dion landa eremuko biztanleri eta sortutako lanpostu kopurua, duen zabaltzeko aukera eta izan duen oihartzuna, edota eskualdeko landa garapen elkartearekin izandako lankidetza.
Urteetako ibilbideari saria eta Emakumeak Landa Eremuan saria egunean bertan jakinaraziko ditu Landaolak.
ERAKUNDE PRIBATUA. Agurtzane Gabiria. Makatza baserria (Legazpi)
“Familia ondareari segida eman nahian, Agurtzane Gabiriak eta Aitor Mantxola bikoteak gurasoek urteetan baserrian egindako lanari jarraipena eman diote Legazpiko Makatza baserrian. Duela zazpi urte, Mantxolak industrian zuen lana uztea erabaki zuen baserriaren aldeko apustua egiteko. 2023an, Gabiriak bere urratsak jarraitu zituen: lana utzi, Gomiztegiko Artzain Eskolan graduatu eta baserrira itzuli zen.
Jasangarritasun-printzipioak gidatuta eta zuzeneko salmentan eta kalitatezko produktuen ekoizpenean oinarrituta, familiako nekazaritza praktikatzen dute. Euren Idiazabal jatorri izendapena duen artzain gazta, ogia, magdalenak edota Errezil sagarraren gozoa dira horren isla”.
ERAKUNDE PUBLIKOA. Zaldibiako Udala
“Tokiko produktuak sustatu eta landa sektorea duindu asmoz, Zaldibiako Olaeta auzoan dagoen Kixkurgune denda/taberna eraberritu eta jatetxe bihurtu da egitasmo honi esker. Jatorrizko produktuari, bertakoari, izaera eta garrantzia emateko helburua du proiektuak, sektorearen lanari eta ekoizpenari balioa emanez.
Aralar Parke Naturalean kokatuta, natura, nekazaritza eta gastronomia uztartu eta Goierriren nortasuna nabarmentzearekin batera, baserritarraren irudia sustatzen du Kixkurgunek, ondo egindako lanaren erakusgarri”.