Borroka feministaren izaera kolektiboa nabarmendu du Kimetzek elkarretaratzean
Ehun bat herritar batu dira gaur eguerdian Kimetzek Ordiziako Plaza Nagusian deitutako elkarretaratzera. Arratsaldeko deialdira batzera ere deitu dituzte herritarrak.
Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Eguneko Ordiziako lehen deialdia Kimetz Ordiziako Emakumeen Elkarteak egindako elkarretaratzea izan da. Eguerdian, Plaza Nagusian batu dira ehun bat herritar mugimendu feministaren borroka aldarrikatzeko. Kimetzeko kideek eguneko adierazpena irakurri dute eta borroka feministaren izaera kolektiboa nabarmendu dute.
Emakumeen eskubideen aldeko borrokan bidea ireki zuten emakumeen lana zein gaur egungo mugimendu feministan lan egiten duten emakumeen lana aitortu dute. Borroka horretan “mugarri” izan zen boto eskubidea izan dute hizpide.
Arratsaldeko deialdira batzera ere deitu dituzte herritarrak. Goierriko Koordinadora Feministak deituta, 19:00etan Lazkaon izango da ekitaldi nagusia. Aurretik, Ordizian, 18:00etan Nikolas Lekuona plazan elkartzeko deia zabaldu dute, txupinazoa bota eta elkarrekin mobilizazio bateratura joateko.
Hau da Kimetzek irakurritako manifestua:
Emakumeen Nazioarteko Eguna emakumeek egunero mundu osoan egiten ditugun lorpenak, erresistentzia eta borroka ospatzeko da.
Eta egun honek gogorarazten digu oraindik bide luzea dugula egiteko, bai erakundeak eta, oro har, gizartea sentsibilizatzea eta interpelatzea garrantzitsua da.
Jardunaldi honetan emakumeek gizartearen arlo guztietan egindako ekarpena aitortu nahi dugu, eta berdintasunarekiko, gure eskubideen defentsarekiko eta abarrekiko dugun konpromisoa berretsi.
Aurten ere garrantzitsua iruditzen zaigu emakumeok gure gizartearen aurrerabidean betetzen dugun funtsezko zeregina nabarmentzea. Gure eskubideen aldeko borrokan bidea ireki zuten aitzindari borrokalarietatik hasi eta gaur egungo emakumeok, estereotipoak eta oztopoak desafiatzen jarraitzen dugunok, guztiok merezi dugu ospatzea.
Gure aurreko emakumeei gure eskubideak aldarrikatzeko egindako borrokagatik egindako aitorpen horretan, horietako bat aipatu nahi dugu, hau da, 1933ko azaroaren 5a, euskal emakumeek Euskadin lehen aldiz bozkatu ahal izatea lortu zutenekoa.
Emakumeen botoa lortzea aurrerapen handienetako bat izan zen, eta mugarri izan ziren borroka feministan.
Borroka feminista, ez da indibiduala, kolektiboa da, altxa ditzagun gure ahotsak gure aldarrikapenak helarazteko.
Feminismoak pertsonen bizitza benetan eraldatzeko gai zen gizarte-iraultza bakarra bultzatu zuen.
Ospatu dezagun martxoaren 8a, kalera irten eta jarrai dezagun gure eskubideen alde borrokatzen.
Gora borroka feminista