Ehunka lagunek "justizia feminista" eskatu dute Goierri beheko manifestazioan
Beasaindik, Ordiziatik eta Lazkaotik abiatu diren hiru zutabeek Lazkaoko plazan izan dute amaiera. Martxoaren 8an "zer salatua" badagoela, eta aldarrikapenak erdiratzeko eskatu dute.
Martxoaren 8ko aldarrikapen martxa jendetsua egin da, gaur arratsean, Goierri behean. Hiru herri handienetan antolatu dituzte ekitaldiak, eta Beasaindik eta Ordiziatik jende-zutabe luze bana osatu eta abiatu ondoren, Lazkaorako bidea hartu dute. Lazkaon, herriko kaleetan bira bat egin ondoren, Hiribarrenera etorrita egin diete harrera beste bi zutabeei.
Manifestazio handia eta alaia osatu dute, Lazkaon. Duela bost urteko mugimendu feministaren lehenengo kale-protesta handia gogorarazi du. Batukadaren erritmoetara, eta Martxoaren 8ko aldarrikapenak ozen oihukatuz, plazako frontoian amaitu da martxa. Goierriko herri askotatik iritsitako herritar guztiak sartzeko txikiegi geratu da pilotalekua.
Aldarrikapenak
Martxoaren 8ko Emakumearen Egunean, aurten ere “zer salatua” badagoela aldarrikatu dute Lazkaoko Talde Feministako bi kidek, oholtzatik. Lan-indarraren “esplotazioa” etxean, lantokian, dohainik eta aitortu gabe egiten diren zaintza lanetan, “sistema heteropatriarkal kapitalistari” aurre egiteko motiboak direla azaldu dute, “zuzenean” prekarietatera eta zapalkuntza egoeran bizitzera kondenatzen duela eta.
Soldata arrakala ere aipatu dute. 2020an, Hego Euskal Herrian, emakumeak urtean gizonak baino 7.000 euro gutxiago jaso zituen ordainetan; pentsio baxuek lanaren sexu banaketa betikotzen dutela adierazi dute, arazo-multzo sakonagoaren adibide gisa emanda.
Lan feminizatuak, lan baldintza prekarioak dituztenak eta aitortzarik ez duten zaintza lanak emakumeen bizkar uzten direla gaitzetsi dute. Azaroaren 30eko greba feminista orokorraren aldarrikapena ekarri dute gogora, zaintza sistema publikoa eta komunitarioa nahiz zaintzarako eskubide kolektiboa birplanteatuta.
Palestinar herria jasaten ari den “genozidioa eta sarraskia” salatu, eta elkartasuna adierazi diote, bestetik. Migratze bidean datozenen indarkeria ezberdinak ere gogoratu dituzte, baita Atzerritartasun Legearekin “zaurgarritasun egoeran” geratzen direnak ere.
Martxoaren 8a “aldarrikapenerako eguna” dela adierazi dute. “Indarkeria matxistaren ondorioz eraildako, bortxatutako, jazarritako eta etxetik kanporatutako emakume eta neskato guztiak gogora ekarri nahi ditugu. Emakumeen aurkako indarkeria sistemikoak genero eta botere desberdintasunak betikotzen ditu egitura sozial, politiko eta ekonomikoen bidez. Egun, emakumeok oraindik ere askotariko indarkeriak jasaten ditugu egunerokotasunean: fisikoa, sinbolikoa, instituzionala… Horri aurre egiteko, aldaketa kultura zein instituzional sakonak behar ditugu”.
Zatekeen erromeri taldearen kontzertuak ipiniko dio azken puntua Goierri Koordinakunde Feministaren mobilizazioari eta “justizia feminista” eskatzeko aldarrikapen ekitaldiari.
BEASAINGO ZUTABEA. EMAKUMEEN ETXEA ALDARRI
Txalapartaren deiarekin eman diote hasiera Martxoaren 8ko Goierriko ekitaldi nagusiariBeasaingo Erauskin plazan. Dozenaka lagun elkartu dira bertan. Lazkaora bidea hartu aurretik, Asanblada Feministako kideek adierazpena egin dute. Emakumeen eskubideen alde borroka egin duten emakumeei zuzendu dizkiete lehen hitzak, haiei guztiei aitortza eginez. Gogoratu dute, martxoak 8aren garrantzia, “emakumeok oraindik jasaten dugun zapalkuntza salatu eta gure ahalduntzea irudikatzeko eguna da”. Gizarte parekidea lortu arte “borrokan jarraitzeko” deia egin dute.
Jarraian, Beasainen zaintzaren inguruan abiatutako lanketaren berri eman dute. Honakoa martxan jartzearen arrazoia, “denon bizitzak erdigunean jarriko dituen eta inor zapalduko ez duen zaintza sistema publiko komunitarioa eraikitzea da, pribatizazioarekin amaitu eta batzuen etekin ekonomikoa alde batera utziz, pertsona guztien ongizatea helburu nagusi izango duen zaintza sistema bat”. Hori lortzeko urratsak emateko konpromisoa berretsi dute ekitaldian.
Bestalde, emakumeentzako espazio baten beharra aldarrikatu dute. Beste udalerri batzuetan bezala, Beasainen ere emakumeen etxe bat izateko beharra ikusten dute. “Emakumeak ahaldundu eta saretzeko, pedagogia feminista bultzatzea ezinbestekoa da, eta hau gauzatzeko baliabideak behar ditugu, horien artean Emakumeen Etxea”.
Jarraian, Gure bizitzekin negozioarik ez! Hartu Ardura! lelopean abiatu dira Senpere ingurura. Bertan, Ordiziako eta Lazkaoko adarrekin elkartzeko.
ORDIZIAKO ZUTABEA. BELAUNALDIZ BELAUNALDIKO LORPENEI GORAZARRE
Ordizian 18:00etan elkartu dira herritarrak Nikolas Lekuona plazan, Ordiziako Koordinadora Feministak deituta. Txupinazoa bota dute koordinadorako kideek, eta eguneko adierazpena irakurri dute. Gaurko ekimenak helburu bikoitza duela azaldu dute. Goizean plazan egin bezala, borrokarako eguna izateaz gain ospatzekoa ere badela aldarrikatu dute.
Hori islatzeko, belaunaldiz belaunaldi emakumeek lortutako eskubideetako batzuk idatzi dituzte hainbat pankartatan: “1975ean ezkontza lizentzia bertan behera gelditu zen”, “1981ean dotea zuzenbide ziletik kanpo gelditu zen”, “1985ean abortoaren despenalizazioa Hego Euskal Herrian”, “1993an emakumeak lehen aldiz Hondarribiko alardean” edota “1998an bortxaketa genozidio moduan sailkatu zuten”.
Lorpenak bakarrik etorri ez direla nabarmendu dute hala, “urtetako borroken ondorioa direlako”. Dena den, urgentziaz hartu beharreko neurriak daudela azpimarratu dute: “Urgentziaz hartu beharreko neurriak exijitzea, kaleetan, etxean, lan esparruan, harremanetan, alegia, bizitzako esparru guztietan”. Ondoren, Ekirock-en musikarekin batera, Senpere aldera abiatu da zutabea manifestazioan, Dena aldatzeko saretu, ahaldundu, borrokatu! lemapean, Beasaingo eta Lazkaokoekin bat egiteko.