Eskolako jolastokia eraldatzeko parte hartze prozesua abiatuko dute Idiazabalen
Astelehenean egingo dituzte ikasle zein gurasoentzako aurkezpenak. Prozesua lau fasetan egingo da eta ikasturte amaierara arte luzatuko da. Udalak 30.000 euroko diru partida jarri du.
Idiazabalgo Aita Iparragirre herri eskolako patioa edo jolastokia eraldatzeko prozesu parte-hartzailea martxan jarriko da datorren astean. Astelehen goizean ikasleentzako aurkezpena egingo da, eta 16:45ean, gurasoei aurkeztuko zaie proiektua. Idiazabalgo Udalak eskola komunitatearekin elkarlanean bultzatutako ekimena da.
Idiazabalgo Udaletik adierazi dutenez, prozesu honen helburua “eskolako jolastokiaren antolaketa birpentsatu eta nolako espazioa sortu nahi den hausnartzea” da. Egungo jolastokiak dituen “gabeziak” gaindituz, ezaugarri eta behar ezberdinak dituzten haurrei tokia egin nahi zaie, “haurren sormena, jolasa eta elkarbizitza osasuntsua” sustatzeko. Aurreratu dutenez, diseinu berrian “natura, parte hartzea, aniztasuna, autonomia, jolasa eta sormena” bezalako baloreak aintzat hartuko dituzte.
Lau fasetan gauzatuko da
Prozesua Hiritik At kooperatibak gidatuko du, baina hezkuntza komunitatearen parte hartzea ere gakoa izango da azken diseinua definitzerako orduan. Lau fasetan garatuko da prozesua: “Proiektuaren aurre-lanketa, diagnostikoa, diseinua eta itzulpena”, eta ikasturte amaierara arte luzatuko dutela aurreikusi dute.
Ikasle, langile eta guraso zein zaintza komunitatearen iritziak jasoko dituzte eta talde eragile bat sortuko da, “guraso elkarteko, udaleko eta eskolako ordezkariak eta jantokiko arduradunak eta exekuzio proiektua garatuko duen arkitekto taldeak” osatuko dutena. Idiazabalgo Udalak 30.000 euroko diru partida bideratu du parte hartze prozesua gauzatu ahal izateko.