Itaiak gorriz margotu du aldarri morea
Itaiaren ustez, kapitalismoa gainditu arte ezingo da emakume langileen zapalkuntza bukatuko. Erakunde eta alderdi politiko profesionalei sistema kapitalista betikotzea egotzi diete eta hauen "fartsatik" kanpo antolatzeko deia egin dute
Itaiak “emakume langileen interesak defendatuko dituen antolakuntza sozialistaren hautua” berretsi du Martxoaren 8an. Horretarako, “enpresarien eta instituzio kapitalisten fartsatik kanpo” antolatzeko deia egin dute. Indar politiko hori eraikitzea “urgentziazkoa” dela gaineratu dute.
Emakume langileen antolakuntza independente horrek egiteko “argiak” dituela esan dute: “emakume langileak aktibo politiko bilakatzea, guztiok bizi baldintza berak izateko borrokatzea eta gizartean etika komunista zabaltzea, lan politiko guztia sozialismoaren eraikuntzan kokatuz”.
Enpresariak eta alderdi politikoak interpelatu dituzte. Alde batetik, salatu dute enpresariek emakume langileen “esplotazio basatia” baliatzen dutela poltsikoak betetzeko eta, bestetik, erakundeei eta alderdi profesionalei leporatu diete emakume langileen problematikari ez diote heldu. “Hitzontzikerietan” aritzea egotzi diete. Esan dute “itxuraz” aurrerakoiak dire legeek eta politikek ez dutela arazoa errotik konpontzeko helburua, baizik gizartean egon daitekeen egonezina baretu nahi dutela. “Sistema kapitalista sostengatzen duten instituzioak dira zapalkuntza betikotzen dutenak”.
Zaintzari auziari helduta, adibide bat jarri dute: erakutsi dute zaintza-sistemaren inguruko eztabaida “kontrola nork eskuratuko” markora mugatzen dela eta eztabaida “alderdikoia” izaten ari dela. Ondorioz, erakundeak eraldaketa sozialerako tresna gisa kokatzeak zentzurik ez duela esan dute.
Manifestazioa
Adierazpenak Beasaingo plazan egin dituzte. Manifestazioan joan dira horraino, Emakume langileok borrokara eta instituzioen fartsatik kanpo antolatu leloak zaramatzaten bi pankarten artean, Bideluzetik abiatuta. Ehun lagun inguru elkartu dira, gazteak gehienak. Gizonezkoen presentzia ere nabarmena izan da. Emakume langile, borrokatu, borroka da bide bakarra eta iraultza sozialistaren aldeko oihuak egin dituzte, txalo eta piroteknia artean.