Itsasoko dendaren proiektua aurkezteko bilera egingo dute ostiralean
Ezkio, Gabiria eta Ormaiztegiko herritarrei zabalduko diete bazkide egiteko aukera. Erosketak modu autonomoan egiteko derrigorrezkoa da bazkide izatea.
Itsasoko Alegi auzoan Alegiko Sindikatoa izeneko dendaren proiektua aurrera doa. Behin, itsasoarrei Alegiko Sindikatuko elkarteko bazkide egiteko aukera zabaldu eta gero, Alegi auzoa osatzen duten Gabiria eta Ormaiztegiko bizilagunei eta Ezkiokoei ere luzatuko diete orain, elkartera batzeko gonbita..
Denda ordu batzuetan publiko zabalari irekita egongo den arren, erosketak era autonomoan egin ahal izateko nahita ezkoa da bazkide izatea. Horregatik, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko batzar informatibo bat deitu dute ostiral honetarako. Bilera denda kokatuko den eraikinean bertan egingo dute, 19:00etatik aurrera. Informazioa jasotzeaz gain, bazkide egiteko aukera izango dute hala nahi duten bizilagunek.