Mediku zerbitzua osatzeko aferan ez da inor askorik asebete Ataunen
Herriko bi mediku-plazetatik bat bete da, hasi baita San Martingoa. Ataunera etortzea, ordea, medikuaren erabaki pertsonala dela azaldu du plataformak. Gaur, ‘Osakidetza larrialdian’ hitzaldia egingo dute San Gregorion.
Ataungo lehen osasun arreta publikoan mediku zerbitzuan sortu zen hutsunearen eta ondoren Osakidetzak mediku plaza bat beteko zen iragarpena egin ondoren, herritarrek, oro har, ez dute nahikotzat jo. Afera salatzeko eta administrazioari konponbideak eskatzeko sortutako Medikuak Ataunen herritar plataformak ohar batean, gainera, prozedura bera dudan jarri du.
Herriak esleituta dituen bi mediku plazetatik bat beteko da, atzo hasi baitzen San Martingo berria –gaur San Gregorion egongo da–. Baina plataformak azaldu duenez, «bere kabuz» erabaki du mediku batek Seguran zeukan ordezko postua utzi eta Ataunen behin betikoa hartzea. Erabaki pertsonal batek ahalbidetu duela mediku-zerbitzua –parte batean– berreskuratzea, alegia.
«Bere kabuz erabaki du Ataunera etortzea, ez du inork bideratu, eta are gutxiago erraztasunik eman. Hau da, Osakidetzak ez du ezer aurreratu gure auzian, plazak aukeran jartzea besterik, eta sendagile honen hautu pertsonalagatik bakarrik daukagu zerbitzua herrian, ez beste ezergatik», dio plataformak.
Bestetik, bi plazetatik bakarra bete dela gogorarazi du. «Aurrerapena da, noski. Baina ez da nahikoa, inondik inora ere. Nola aseko dira herri osoaren beharrak profesionalen erdiarekin?».
«Arazoa bera» ez dela konpondu gaineratu du Medikuak Ataunen plataformak, eta oraingoa «partxea» besterik ez dela iritzi dio. «Momentuko zuloa estaliko digu, baina hau falta bada, lehengo egoera berean egongo gara. Sustraiari, egiturari ekin ezean, beti egongo gara gabeziatik baja bakarrera».
Aldi berean, San Martingo lanpostua hartu duen mediku berriari «ongietorririk beroena» eskaini dio plataformak . «Senti dadila goxo herrian, eta iraun dezala urte askoan. Azken batean, gu zaindu behar bagaitu, guk ere bera zaindu behar dugu».
Osasun Sailarekin bilera
Ataungo Udalak ere ohar bat aterata dauka, otsaileko azken astean Osasun Saileko ordezkariekin bilera bat egin ondorenekoa. Osasun zerbitzuak azken urteetan izandako bilakaeraren kezka, eta kalitatezko lehen arreta zerbitzua izatearen garrantzia azaldu zizkieten udal kideek.
Ataunen ezaugarriengatik (herri luzea, biztanleria auzoetan sakabanatua, adineko asko…), bi kontsulta bakoitza bere medikuarekin eta erizainarekin edukitzea «ezinbestekoa» dela adierazi zieten udalekoek Osasunekoei.
Osasun Sailak, bere aldetik, eta beti ere udaleko iturrien arabera, «asmoa» Ataungo bi kontsultategiei eustea dela aurreratu zuen. «Bigarren medikuaren behin-behineko lanpostua eskaintzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute, nahiz eta aitortu zaila dela gaur egun era horretako lanpostuak betetzea, mediku gutxi daudelako», dio udalak.
Hitzaldia gaur
Aferarekin lotutako hitzaldi bat antolatu du Medikuak Ataunen plataformak, gaurko. Osakidetza larrialdian hitzaldia egingo dute, 19:00etan hasita, San Gregorioko Elkargunean.
Bi hizlari izango dira: Rebeka Ubera EH Bilduren legebiltzarkidea eta Jesus Oñate, LAB sindikatuko Osakidetzako arduraduna. Osakidetzaren egoeraren inguruan ariko dira.