‘Xapre’ trikitilari zaldibiarra omenduko dute Azpeitiko Sanjosetako Trikiti Jaialdian
Jose Luis Etxeberriaren soinu jotzaile ibilbidea goratuko du Euskal Herriko elkarteak. Larunbat arratsaldean da jaialdia, Soreasu antzokian.
Herri musikaren eta, bereziki, trikitiaren izen ospetsuenetako bat da Jose Luis Etxeberria Xapre zaldibiarra. Zaletasunaren sukarretik soinua jotzen ikasia, 18 urterekin hasi zen Martin Aginalderekin hauspoari eragiten. Erromeria, festa-leku eta kuadrilla ugari girotu ditu urtetan, eta ekarpen hori eskertzeko eta ibilbidea goratzeko, Euskal Herriko Trikiti Elkarteak omenaldia egingo dio.
Azpeitian, Sanjosetako 34. Trikiti Jaialdian gonbidatu berezia izango da Xapre. Larunbat honetan, martxoak 16, 17:30ean hasiko da jaialdia, Soreasu antzokian. Sarrerak (13,50 euroan), Sanagustin kulturgunean edo kulturaz.eus-en eros daitezke, dagoeneko bateren bat geratzen bada behintzat (goizean bakan batzuk bazeuden artean).
Ohi bezala, trikitilari eta musikari andana batek parte hartuko du jaialdian. Lixarra anaiak, Ane Etxezarreta olaberritarra eta Sara Iriarte, Zaldibiako lagunak, Xabier Zabala eta Andoni Egaña, Jon Ostolaza eta Andoni Larrañaga, Dani Oiarbide eta Pello Urdangarin goierritarrak, Imuntzo eta Beloki, Iker Allur eta Jokin Tolosa igoko dira oholtzara.
«Eskertzen diet nirekin akordatu izana»
Xapre-k umil bezain esker oneko hartu du omenaldirako gonbita. «Sekula ez nuen horrelakorik pentsatuko. Jotzeko adina ikasiko banu gustura nengokeen, eta zortea izan dut hara eta hona ibiltzeko. Sekula ez zitzaidan pasatu horrelakorik egingo zidatenik. Eskertzen diet nitaz akordatzea. Herrietara joan eta ahal dudana egin dut. Ez zait iruditzen horrelakorik merezi genuenik. Ea ondo pasatzen dugun. Jendeak eskertu dit, nik merezi baino gehiago», dio zaldibiarrak.
Goiberri astekarian Xapreri egindako elkarrizketa luzea argitaratu zen, martxoaren lehenean.
Azpeitiko Trikiti Jaialdia gaur eguerdian aurkeztu dute. Hango Uztarria agerkaria joan da ekitaldira, eta honela kontatu du aurkezpena. Beheko argazkiak ere Uztarriko Mailo Oiartzabal kazetariarenak dira.