Zerain jasangarriago baten bidean, energia kooperatiba sortu dute
Herritarren ekimenez Goierrin sortu den mota honetako elkarte bakanetakoa da. Momentuz, 27 familia atxiki dira. Udalak etorkizunean batzeko aukera aztertuko du.
Zeraingo Energia Kooperatiba sortu berri da hainbat herritarren ekimenez. Momentuz, 27 familia atxiki dira proiektura, «Zerain jasangarriago baterantz pausoak emateko eta autokontsumoa sustatzeko» helburuarekin, Mailo Virto bazkideak esan duenez. Kooperatiba orain bi aste sortu badute ere, proiektua oso aurreratuta dute eta «urtea amaitzerako» martxan egotea espero dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz «bideragarritasun plan» bat egina dute dagoeneko. «Bideragarria dela ez dago zalantzarik», dio Virtok. Are, aldundiak begi onez ikusi du eta zehaztuta dituzte dagoeneko proiektuaren nondik norakoak: «Alde teknikotik aztertu dena da gauden partaideak kontutan hartuta zenbat eguzki plaka jarri beharko liratekeen, non, eta bazkide bakoitzari zenbat energia bideratuko zaion», zehaztu du.
Beharrezko azpiegiturak herriko eremuak ez inbaditzea kooperatibaren lehentasunetako bat izan da eta horregatik, jada eraikita dauden eraikinak erabiltzea hobetsi dute. Eguzki plakak Txirbil Kooperatiba, Garoa gaztandegia eta Telleri baserriaren teilatuetan jarriko dituzte. Hortik bazkide bakoitzari dagokion energia bideratuko zaio, gero.
Bazkide bakoitzak zenbat energia beharko duen ere aurreikusita dute, eta horren arabera esleituko zaio bakoitzari jasoko duen energia kantitatea eguzki plakatan banatuta; «bati lau plaka eta beste bati bi egokituko zaizkio, adibidez».
Landa eremuko proiektua
Eguzki plaken bitartez sortutako energia ez dela nahikoa izango aurreikusi dute, «ziurrenik udan soberan izango dugu eta neguan ez dugu behar adina izango», dio Virtok. Hala, energia enpresa handiekin jokatuko dute, «soberan daukaguna salduko diegu eta kontsumitzaile bakoitzak behar duena erosiko dio», zehaztu du.
Kooperatibak egingo ditu energia enpresarekin zubi lanak, «asko garenez prezio hobeak lortuko ditugula uste dugu»; baina kooperatibako kide bakoitza izango da gero, bere energia hornitzailearekin salerosketa bideratuko duena, ez kooperatiba.
Goierrin, herritarren ekimenez sortu den kooperatiba bakanetakoa da Zeraingoa, baina horretaz gain, baditu, berezi egiten duten beste hainbat ezaugarri ere. Andoni Alustiza kideak zehaztu duenez, landa eremuko proiektua da beraiena , «etxebizitza bertikalak nagusi diren herrietarako ez da baliagarria». Kooperatiba irabazi asmorik gabekoa da, «ez da negozioa egiteko tresna, azken helburua autokontsumoa da» esan du. Horregatik, «kooperatibak aurrezten duen energia guztiaren %15 teilatu jabeentzako izango da, eta %5a behar gehien dituzten horientzat».
Udalari gonbidapena
Herritarren ekimenez sortutako ekimena izanagatik, elkarteak Zeraingo Udalari kooperatibara batzeko gonbita luzatu dio. «Udalak, momentuz, irekita utzi du etorkizunean komunitatera batzeko aukera», dio Virtok. Era berean, hala nahi duten herritarrek ere, «edozein momentutan» bazkide egiteko aukera dute.