Azterketak Euskaraz taldea omendu dute
23. Korrikak gorazarre egin die baxoa eta brebeta euskaraz egiteko hiru hamarkadan baino gehiagoan borrokan aritu eta ari diren ikasleei.
Euskara da Azterketak Euskaraz kolektiboaren aldarria, Korrikarena bezalaxe. Ikasle horiei, beren bizitzako une erabakigarri batean, baxoa eta brebeta egiteko orduan, azterketek sortutako berezko ezinegonari beste zama bat inposatzen diete: ikasketetan erabili ez duten hizkuntzan aritzea, frantsesez alegia. Hala ere, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko hautua egin eta egiten dute, Frantziako Gobernuaren aginduen gainetik, beren notetan kalteak onarturik.
Korrikak, aitortza honen bidez, haien egoera ezagutzera emateko bozgorailua izan nahi du. Korrikako arduradun Ane Elordik aipatu bezala, «Euskal Herri zabalean, eta hemendik kanpo ere, mundu guztiak jakin dezala gazte hauek, egun, ezin dutela ikasketen zati garrantzitsu hori beren hizkuntzan egin; eta, bidegabekeria horren aurrean, pausoak ematen jarraituko dutela».
Hondarribiko (Gipuzkoa) Itsas Etxea Auditorioan egin zuten zeremonia, urtarrilean. Bertan izan zen Seaskako ikasleak.