Eli Arrillaga eta Agurtzane Gabiria saritu ditu Landaolak
Arrillagari Urteetako ibilbidearen saria eman diote, eta Gabiriari Erakunde pribatuarena. Zaldibiako Udala ez da saritua izan.
Joan den astean iragarri zuen Gipuzkoako Landa Garapen elkarteak biltzen dituen Landaola federazioak –bertako kide da Goierriko Goimen– zeintzuk ziren VII. Landaola Sariak jasotzeko hautagaiak. Erakunde pribatuen atalean, Aztiriako Makatza baserriko Agurtzane Gabiria zegoen izendatuta, eta Erakunde publikoen artean Zaldibiako Udala.
Emakumeak Landa Eremuan sariaren eta Urteetako ibilbideari sariaren berri ez zuten aurreratu, eta gaur jakin da Usurbilgo Sutegi kultur etxean egin den sari banaketan zein izan diren irabazleak. Urteetako ibilbideari saria Olaberriko Aizpea gaztandegiko Eli Arrillagak jaso du, eta erakunde pribatuarena Gabiriak. Erakunde publikoaren atalean Bergarako Udala saritu dute, eta Zaldibiako Udala saririk gabe geratu da.
URTEETAKO IBILBIDEARI SARIA. Eli Arrillaga
“Eli Arrillaga baserrian jaio ez bazen ere, artzain-lanetan aritu da 1980tik, gaztagintzan buru-belarri. Ardi latxen artaldea du eta eurek ekoiztutako gatzagi naturala baino ez darabil gazta egiteko. Eli Arrillagak Olaberrian igarotzen du negua bere artaldearekin; 1.200 metroko altueran, Urbiako Ttonttor bordan, aldiz, maiatzetik urrira. Dualtasun geografiko horri esker, bi gazta zaporetsu eta bereizgarri ekoizten ditu.
Olaberrian zein Urbian, Elik mendizaleak artatzen ditu gazta saltzeko, artzainen bizitza azaltzeko edo indarrak hartzeko mokadutxoa eskaintzeko. Berrikuntzak barneratuz eta aurrera eginez, sindikatu eta hamaika erakunde elkarteetan parte hartzen eta hartu du, Ebel, Artzai Gazta, Larsabi… azpimarratzekoak ELE
eta Goimeneko lehendakari izanak, bestetik, nekaezina azaltzen da emakume artzainari ikusgarritasuna ematen, ohiko lan eta ohituretan oinarritutako lana, mendien kudeaketetan duen garrantziaz besteak beste.
Komunikazio eta sentsibilizazio dinamiketan duen parte-hartze aktiboari esker, artzaintza kultura usadioak ondo baino hobeki gorde eta helarazten jarraitzen du Arrillagak”.
ERAKUNDE PRIBATUA. Agurtzane Gabiria. Makatza baserria (Legazpi)
“Familia ondareari segida eman nahian, Agurtzane Gabiriak eta Aitor Mantxola bikoteak gurasoek urteetan baserrian egindako lanari jarraipena eman diote Legazpiko Makatza baserrian. Duela zazpi urte, Mantxolak industrian zuen lana uztea erabaki zuen baserriaren aldeko apustua egiteko. 2023an, Gabiriak bere urratsak jarraitu zituen: lana utzi, Gomiztegiko Artzain Eskolan graduatu eta baserrira itzuli zen.
Jasangarritasun-printzipioak gidatuta eta zuzeneko salmentan eta kalitatezko produktuen ekoizpenean oinarrituta, familiako nekazaritza praktikatzen dute. Euren Idiazabal jatorri izendapena duen artzain gazta, ogia, magdalenak edota Errezil sagarraren gozoa dira horren isla”.