Goi tentsioko lineen proiektuen aurkako kanpaina Goierrin
Idiazabalen eta Zerainen informazio bilerak deitu dituzte astelehenerako. 80 metroko dorreak eraikitzea aurreikusi dute. Kanpaina apirilaren 27an amaituko da Iruñean.
Goierri zeharkatuko duten goi tentsioko lineen inguruko hitzaldi informatiboak deitu dituzte astelehenerako, martxoak 18, Idiazabalen eta Zerainen. Idiazabalen 18:30ean izango da, udaletxeko areto nagusian. Zerainen, 19:00etan kultur etxean.
Otsaileko eta martxoko Gipuzkoako eta Nafarroako Aldizkari Ofizialetan argitaratu denez, Espainiako Energia Politika eta Meatzetako zuzendaritza nagusiak hasierako onespena eman dio Forestalia enpresak Zaragoza (Espainia) eta Gatika (Bizkaia) artean egin nahi duen proiektuari.
Forestaliaren proiektuak Idiazabal, Gabiria eta Ormaiztegiko udalerriak hartuko lituzke Goierrin. Agustin Urteaga, Idiazabalgo Landa Garapeneko zinegotziak esan duenez, «guztira 244 kilometroko linea da. Idiazabalen 80 metroko 26 dorre eta Gabirian beste 12 eraikitzea ekarriko luke. Ormaiztegiri ere eragingo dio», esan du.
Bi linea Goierrirentzat
Aurreratuago dago Red Electrica Españolak (REE) Barcina (Burgos, Espainia) eta Itsaso arteko linea birpotentziako proiektua. Urteagak esan duenez, Aldizkari Ofizialetan oraindik «ezer» argitaratu ez bada ere zain daude. Forestaliarenean ez bezala, «REEk ez du proiektuaren hasierako onespena eskatzen, eraikitzeko baimena eta lurrei erabilera publikoko izaera ematea , baizik». Eskakizunak oniritzia jasoko balu, proiektuaren egikaritzea inoiz baino gertuago legoke.
Forestaliarenak bezala, REEren proiektuak ere Goierriko hainbat herri zeharkatuko ditu. Biak ala biak «paraleloan joango lirateke Idiazabalgo Urtsuaran inguraino», zehaztu du Urteagak. Forestaliarenak eskuinetara hartuko luke handik. REErenak, aldiz, ezkerretara «Idiazabaldik Segura, Zerain, Mutiloa, Gabiria eta Legazpi zeharkatuz, Ezkio-Itsasoraino».
Forestaliak linea berria eraikitzea aurreikusita du; REEak, aldiz, jada eraikita dagoen argindar linearen garraio ahalmena 400 kilovatera igotzea nahi du. Trazatua ez dute aldatuko, baina ondorioak izango ditu, birpotentziazioak harietan eragingo duen tenperatura igoeragatik euskarriak hazi egin beharko baitituzte hainbat lekutan.
Egikaritzea gertuago
Urteak dira goi tentsioko lineen mamuak goierritarren kezka piztu zutela. Bitan ere tzera bota dituzte ingurumen baldintzak betetzen ez zituztela eta bi enpreson asmoak, Urteagak gogoratu duenez, baina orain, inoiz baino gertuago dago proiektuen egikaritzea.
Urteagaren iritziz ingurumenari dagokionez, «inpaktu handia» suposatuko dute lanok, eta osasunerako ere kaltegarria suerta liteke, «eremu elektromagnetikoak» sortuko dituztelako. Gainera, azpiegiturok ez liokete Goierriri inolako onurarik ekarriko, «garraiatutako energia beste leku batzuetara» bideratuko delako. Lurren desjabetzeak ere etorriko dira, «badakigu Sakanan (Nafarroa), Bakaikun eta Etxarri-Aranatzen, hasita dagoela Transatek izeneko enpresa bat kaltetuak izango diren lur jabeei erosketa proposamenak egiten», esan du Urteagak.
Sentsibilizazio kanpaina
Horregatik, asteleheneko informazio bileren ondotik, Alarma gorria. Tentsio altuko autopistarik ez! lelopean sentsibilizazio kanpaina bati ekingo diote: «Martxoaren 23an emango diogu hasiera, kaltetuak izango garen herrietako plazetan sirena eta alarma soinuarekin». Informazioa zabalduko dute bizilagunen artean eta mapa batzuk ere egingo dituzte «bi proiektuen ibilbideak ikustarazteko, zonaldeka banatuta». Apirilaren 27an amaituko dute kanpaina, «elkarretaratze kultural-erreibindikatibo bat egingo dugu Iruñeko (Nafarroa) Gaztelu plazan.