Goierri Rallyesprinta larunbatean jokatuko da, etekinak ongintzarako dituela
Lazkao, Zaldibia eta Gaintza zeharkatuko ditu automobilismo lasterketak. Lau zati jokatuko dituzte erlojupean, 65 km denera, goiz eta arratsalde. Bihotzez elkarteari lagunduko diote
Ikullu Racing eskuderiak prest du IX. Goierri Rallyesprinta. Larunbatean, martxoaren 16an jokatuko da rallyesprint egutegiko bigarren lasterketa. Denboraldiko ibilbide luzeena du, modalitate horretan. Lazkao-Zaldibia-Gaintza ohiko ibilbidean, lau erlojupeko zati korrituko dituzte izena emanda dauden 51 autoek. 67,4 kilometro dira guztira lehiaketan, eta bitarteko bideak batuta, 117,5 km.
Motorraren festatzat antolatu dute, beste behin, Goierri Rallyesprinta. Helburu solidarioa izango du, betiko legez. Aurten, Bihotzez elkarteari emango diote etekinetako dirua. Sortzetiko kardiopatia duten haur, gazte eta haien familiei laguntza emateko elkartea da, herenegungo aurkezpenean Manex Mendizabal zaldibiar kideak esan bezala.
Festa osatzeko, ibilgailu klasikoen IX. topaketa atonduko dute. Larunbatean 10:30ean izena emanda, gidaldia eta erakusketa egingo dituzte, baita bazkaria ere.
Hain zuzen, ongintza borondate hori nabarmendu zuen, atzo, Euskal Automobilismo Federazioko presidente Angel Gurrutxagak. «Helburu solidarioarekin egiten den proba bakarra zarete, beste inon ez da ikusten horrelakorik. Zorionak». Lasterketa bera «ondo prestatua» dela ere gaineratu du. Jendea ikustera joan dadin animatu du, dirua biltzeko.
51 talde, eta faborito asko
Rallyesprint denboraldia hasi berria da –martxoaren 2an, Gabiria-Legazpin–, eta orduan arrimatu ziren faborito gehienak izango dira Lazkaoko irteera-marran. Aitzol Apalantza, Iraitz Olariaga, Alberto Marcos zumarragarra, hutsik egiten ez duen Aingeru Castro, Mattin Villares… aterako dira lehenengo postuetan.
Izena emanda dauden 51 autoetatik –egiaztapen teknikoak eta administatiboak gaur arratsaldean egingo dizkiete– 30 BMWak dira. Ikullu Racingeko bazkide edo haren izenean irtengo direnak, berriz, 15. Tartean, zortzi goierritar daude.
Izena emandakoak Goierri Rallyesprinta 2024
Kirol arloan, lehia «oso parekatua» ikusten du Gipuzkoako federazioko buru Iñigo Cuestak. «Nork irabaziko duen inork baldin badaki, esan dezala», bota du erronka. Zerrenda «oso polita» eta borroka estua ikusten ditu.
Proba gogorra da Goierri, luzeragatik (16,85 km-ko zatia lau aldiz) eta iraupenagatik (goizean bi erlojupeko, arratsaldean beste bi). Eguraldiak goxotik lagunduko duela dirudi. Parke itxia Lazkaoko plazan kokatuko dute, eta asistentzia Zubierrekan. Gaur hasiko da ikuskizuna; karrera, bihar 10:00etan.
IX. Goierri Rallyesprinta
- Herria. Lazkaon parke itxia.
- Ibilbidea. Lazkao, Zaldibia eta Gaintzan barrena. Bi norantzatan.
- Egitaraua:
- Ostirala. 17:30-20:00. Egiaztapen tekniko-administratiboak. Ondoren, autoen aurkezpena. 21:00, baimendutakoen zerrenda.
- Larunbata. 09:15, plazako parke itxitik irteera. 10:00 eta 15:00, A eta B erlojupeko pareen hasierak.
19:30, sari banaketa, plazan. - Erlojupekoak
TC1. 10:00. Gaintza-Lazkao.
TC2. 11:30. Gaintza-Lazkao.
TC3. 15:00. Lazkao-Gaintza.
TC4. 15:00. Lazkao-Gaintza.