Herria harrotzeko garaia da
Korrikaren 23. edizioa gaur hasiko da, Irunen. Hamaika egun geroago, martxoaren 24an, Baionan bukatuko da. 2.700 kilometroko bidea egingo du lekukoak, zazpi lurraldeak pasata.
Kantauri itsasoa ertzaren aurka harrotzen den moduan, euskal gizarteari ere iritsi zaio ordua. Gaur hasiko da 23. Korrika, Harro Herri lemapean. Erabateko ofizialtasun ezaren, euskaraz bizitzeko ezintasunaren eta hizkuntzaren aurkako oldarraldiaren aurrean, «geure buruaz harro egoteko unea» dela diote Korrikako antolatzaileek. «Garaia da euskaraz bizi nahi dugula aho batez oihukatzeko».
Harro eta herri hitz-pareak Euskal Herri euskaldunaren ideia margotzen du: «Euskarak aurrera egingo badu, herriaren erabakitasunagatik izango da», esan dute. «Harro gara, bai, baina banakotasunetik urrun. Korrikak aukera bikaina ematen digu herria aktibatzeko eta aldarrikapen tinkoa egiteko, erakundeek pauso gehiago egin ditzaten, herriaren gogoari erantzunda». Era berean, Korrikak batu egiten duela gaineratu dute, «komunitate baten parte sentiarazten duelako, ingurua mugitzen duelako eta euskarara jende gehiago hurbiltzen duelako». «Euskarak mugitzen du Korrika, eta Korrikak mugituko du euskal komunitatea.
Korrikaren antolatzaileen ustez, euskarak «gauza asko» behar ditu, baina, batez ere, aurrera egin nahi duen herria; «gaur egun ere, ezinbestekoa da euskararen aldeko kontzientziazioa lantzea. Euskaraz bizi nahi badugu, herri gogo hori ezinbestekoa da».
Herritarren kontzientziazioan eta aktibazioan eragiteak AEKren ustez ez du esan nahi ardura norbanakoen bizkar uzten denik, «edo aitzakia hori erabili behar denik egiturazko neurririk ez hartzeko». «Herritarren ahalegin soila ez da aski euskararen auzia bideratzeko, erakundeek zeregin garrantzitsua dute euskararen normalizazioan, herritarren nahiari bidea eman behar diotelako».
Hala, euskararen ezagutza unibertsala aldarrikatu dute, eta gogorarazi AEKn horretarako ari direla lanean. «Euskal Herri osoan herritar guztiak euskaraz eroso bizi ahal izateko eskubidearen» alde, alegia. AEK-k 23. Korrikan jasoko duen dirua Euskal Herri osoan euskararen normalizazioaren aldeko bere lana egiten jarraitu ahal izateko baliatuko du, baina eta hizkuntza-politika eta erreminta «ausarten» premia azpimarratu dute. «Doakoak eta guztiontzat, hezkuntza, transmisio eta helduen alfabetatze eta euskalduntze tinkoak bermatzeko».
Egun osoko jaia
15:30ean hasiko da hastapen zeremonia. Behin mezua lekuko barruan sartuta, 16:00etan abiatuko da Korrika. Lehen kilometroa Bidasoako AEK euskaltegiko hamaika irakaslek egingo dute. Euskaltegiko zuzendari Beñat Alzagaren esanetan, «Lehen kilometro horrek islatuko du, alde batetik, euskaraz bizitzeko kemena; bestetik, Korrikak hauspo izan nahi duela Irunen euskalduntze-lanak aurrera egiteko».
Hamaika eguneko bidaia izango da: 2.700 kilometro eta Euskal Herriko zazpi lurraldeak zeharkatuko ditu euskararen aldeko karabanak. Tartean, Goierritik ere pasako da. Azken aurreko egunean gurutzatuko du eskualdea eta, bertatik, Baionara joango da. Han irakurriko dute eskuz esku bertaraino eramandako mezu ezkutua.