‘Mundu Bat Euskaraz’ mahai ingurua izango da gaur Barrena Kultur Etxean
Eskolaz kanpoko eremuak euskalduntzeak duen garrantzia jorratuko dute Paula Kasaresek eta Iñaki Arrutik. Ordiziako eskola publikoko komunitateak bere esperientzia azalduko du. 18:00etan hasiko da.
Euskalduntzeko prozesuak eta estrategiak izango dituzte mintzagai gaur Barrena Kultur Etxean. 18:00etan, Mundu Bat Euskaraz: Familian, eskolan eta herrian euskalduntzeko estrategiak mahai-ingurua izango da. Eskolaz kanpoko eremuak ikasle guztien euskalduntzean duen garrantzia jorratuko dute bi adituk, eta Ordiziako Euskal Eskola Publikoko komunitateak ere parte hartuko du, komunitatean bizitako esperientziak azalduta.
Ekainaren 2an Ordizian izango da Euskal Eskola Publikoaren 31. Jaia, Publikoa aI do! lelopean, publikotasunean, euskaran eta aniztasunean eta inklusioan ardaztuta. Horren harira, hiru hitzaldi/mahai-inguru antolatuko dituzte ikasturtean zehar. Gaurkoa izango da lehenengoa. Paula Kasares Soziolinguistikan doktoreak eta Iñaki Arruti Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuburuak parte hartuko dute mahai-inguruan.
‘Eskolak bakarrik ez’
Mahai-inguruaren helburua aniztasun handia dagoen herrietan ikasleak eta haien familiak euskalduntzeko aurrera eraman daitezkeen estrategiak mahai gaineratzea da, eta horren bueltan hausnarketa bat bultzatzea.
Ordiziako Euskal Eskola Publikoko komunitatearen hitzetan, Ordiziako hezkuntza sare publikoak zein Euskal Eskola Publikoak “ikasle guzti-guztiak euskalduntzeko konpromisoa” dute. Eskolan bakarrik ezin dela entzun ohi dute maiz, eta horregatik eskolaz kanpoko jardueretan jarriko dute fokua lehen mintzaldi honetan. “‘Eskolak bakarrik ezin du” entzuten dugu askotan eta, hari horri tiraka, eskolaz kanpoko eremuari heldu nahi diogu mahai-inguru honetan hiru erpinetatik: familia, guraso elkartea eta erakunde publikoak”, jakinarazi dute.
Ekitaldi irekia da eta edonork parte har dezake. Herritarrak animatu dituzte inguratzera. Aldi bereko itzulpen zerbitzua egongo da.