«Bizimoduak buelta oso-osoa eman du, baina txarrera goaz»
104 bete ditu, aise eta osasuntsu, Romana Mujika Urretabizkaiak (Berostegi, Legorreta, 1920-2-15). Lazkaon bizi da 47 urteotan. 11 hamarkada eta hamaika kontu, denetarik, ikusi ditu bizi luzean.

104 urte bete dituzu, alajaina.
Izan zuenak badu orain ere! [‘La que tuvo, retuvo’ esan du]. Urte asko dira. Osasun ona daukat, inon ez daukat minik, eta ondo nago. Etxean ere oso ondo nago, nire alabarekin eta suhiarekin. Ateratzen gara kalera, eguraldi ona dagoen garaian. Paseotxo bat ematen dugu, kafetxo bat hartu, eta etxera.
Legorretakoa omen zara.
Bai, Legorretako Berostegi auzokoa. Ermita, errota eta etxea han daude, errekaren ondoan. Orain arreglatuta dago pixkat bat: Jildegi etxekoa naiz ni, Anixeto famatuaren alaba. Albaitari lanak egiten zituen. Behiak gauean umea ezin eginik baldin bazeuden-eta eramaten zuten. Asko zekien ganadu kontuan. Jildegin bertan jaioa zen; ama, Legorretako Zumitzea baserrikoa.
Zer bizimodu egiten zenuten?
Baserritik bizi ginen, han lana egiten genuen. Ni baserrian hazia naiz, eta gero baserrira ezkondu nintzen. Beti baserrian. Gastatzen ez den lana da baserrikoa. Txiki-txikitatik, gainera.
Eskolara ere joango zinen.
Hamabi urtera bitartean joan ginen. Orduan, gainera, euskaraz ez zen, kastillanoz egoten ginen maistrarekin. Sei-bat urterekin hasiko nintzen. Bidaia dexentea zegoen Berostegitik Legorretara, eta lagunekin oinez joan eta etortzen ginen. Ogi banatzaileak ibiltzen ziren ogi partitzen, eta atzean igotzeko eskailera bat edukitzen zuten, eta hura harrapatzen genuenean, eseri han, eta etortzen ginen. Banatzailea akordatzen zenean, atzetik latigoarekin horrela egiten zigun… Baina saiatzen ginen gu ere.
«Ni baserrian hazia naiz, eta gero baserrira ezkondu nintzen. Beti baserrian. Gastatzen ez den lana da baserrikoa»
Hamabi urterekin, zer?
Lanera. Aitarekin eta amarekin, etxean: edo baratzean, edo itzulan. Orduan dena lana zen. Familia handia zenean, neskame edo morroi bidaltzen zituzten; ni etxean egon nintzen. Gutxi ginen, bost senide ginen-eta. Ni gazteenetakoa, laugarrena.
Festak eta erromeriak ere izango ziren, bada, orduan ere?
Ene! Bai, bai. Festa eta erromeria faltarik ez zen izaten. Dantzan ibiltzen ginen. Itsasondora, Ordiziara, Alegiara… Buelta horretan ibiltzen ginen. Erniora ere bai: goizean bostetan ateratzen ginen, Bidanian meza entzun, eta Erniora. Bazkaltzeko ogitartekoak eramaten genituen. Behera jaitsita, Bidanian festa egoten zen; dantza pixka bat egin, eta berriz ere atzera oinez etxera, neska eta mutil. Eta kontentu!
Erromerietan zer egoten zen?
Soinujolea. Guk dantza egiten genuen. Gerra hasi zen egunean ere, Santa Marinan (Albiztur, Gipuzkoa) uztailaren 18an festa egiten zen, eta festara joan ginen.
Hamasei urte zeneuzkan. Nola gogoratzen duzu gerra hastea?
Tuntuneroak zeuden, eta jende asko; orduan, bi aldeetatik, Beizamatik, Albizturdik eta denetatik jendea etortzen zen. Dantza-sokara ateratzerakoan, non ikusten ditugun soldaduak, eskupetak hartuta. ‘Zer gertatzen da hemen? Batzuk hiltzen eta besteak dantzan? Denak etxera!’ [gaztelaniaz] esan ziguten. Denak bidali gintuzten etxera. Horrela hasi zen gerra.
Zer gertatu zitzaizuen gero?
Gerra sartu zen, eta kito. Denak etxean egon ginen, batak besteari lagunduz. Nire aurreko bi anaiak soldadu eraman zituzten, eta aita eta ni bakarrik geratu ginen baserrian. Ahizpa ezkonduta zegoen Donostian. Hari ere gizona eraman zioten.
Zer moduz egon zineten?
Guk ez genuen larrialdirik pasatu, goserik ere ez. Orduan gosetea ikaragarria zegoen, baina baserria nola geneukan, oiloak eta arrautzak bagenituen. Falta genuena zen olioa eta horrelakoak, hori ez zegoen ezer ere. Gure amak, kafea hainbeste gustatzen zitzaion –niri ere bai, bai orduan, bai orain–, garia xigortzen zuen, eta gariarekin egiten zuen kafea.
«Orduan gosetea ikaragarria zegoen, baina baserria nola geneukan, oiloak eta arrautzak bagenituen»
Zure anaiak onik itzuli al ziren gerratik?
Ez, bat hil egin zitzaigun, Madrilgo Bruneteko batailan. Bestea zaurituta egon zen, baina ondo etorri zen. Egoera hura gogorra zen. Kamioiekin ibiltzen zirenek ekarri ziguten abisua nola hil zen, bonba batekin lehertetuta. Hura aditu egin behar zen!
Gaztetan zertan ibili zinen?
Josten ikasten hasi nintzen Itsasondon, Tomasenea etxeko Simonarekin. Neska kuadrilla joaten ginen hara, dozena erdi bat. Arratsaldero juntatzen ginen han, josten ikasten.
Orduan estudiatzera joaterik, burutik pasatu ere ez, ala?
Ez, ez, ez. Orain bezalako estudiorik inork ez zeukan orduan! Errotako nire bizilaguna, alaba bakarra zen, eta hura joaten zen trenean Tolosara (Gipuzkoa), mojetara. Beste gainontzean, ezta inor ere!
Emakumeek zer bide zenuten?
Josten ikasi, eta sukaldeko lanak. Fabrikak ere bazeuden, Legorretan Etxezarreta famosoa zen. Hil zen nire anaiak han lan egiten zuen. Orduan papelera handia zen Etxezarreta. Emakumeak ere asko ibiltzen ziren han.
Nora ezkondu zinen?
Idoiaga baserrira, Itsasondon goian, Murumendin ondoan dagoena. Hantxe ezkondu nintzen. Amak esan zidan: ‘Hi erotu haiz! Paraje hartara?’. Gustuko lekuan aldaparik ez da, eta hantxe. Lan asko, baina tira, ondo. Baserri handia zen. Zazpi behi, txekorrak, idiak, behorra… Maizter egoten ginen.
Taberna ere bazen han.
Bai, edukitzen genuen. Jende asko joaten zen. Erromeriak ere egiten ziren. Nire gizonak soinua jotzen zuen, eta gazte asko joaten zen. Murumendira zihoazen mendizaleak ere beti sartzen zen zer edo zer hartzera.
Zer familia izan zenuten?
Hiru alaba eta semea. Alaba zaharrena hil egin zitzaidan han. Tximista sartu zitzaigun egun batean etxean, eta hiru hil ziren: 27 urteko mutila, 35eko etxekoneko gizona –zazpi seme-alaba utzi zituen–, eta nire alaba, 8 urtekoa. Mahaian zeuden, jokoan hasteko zeran. Nire alaba ondoan egongo zen, ez dakit. Jende asko zegoen. Denak erori ziren lurrera, eta haiek ez ziren altxatzen. Jendea garrasika hasi zen.
Gogorra behar zuen hark…
Hura ikaragarria izan zen! Gure tabernan bertan izan zen. Irratia zegoen, eta haren antenatik sartu zen tximista. Trumoika ari zuen, euria, eta hala sartu zen. Gizona etorri zen eta esan zuen: ‘Buila bazebilkik, ez zekiat zer egingo duen baino!’. Eseri zen, eta eseri orduko, pum!
Nola egiten da horrelako kasuetan aurrera?
Lanari segituta. Pentsatu ba. Niri hala esan zidan medikuak: atzera ez begiratu, zuk aurrera begiratu, aurrera segitu. Eta holaxe.
«Tximista sartu zitzaigun etxean, eta hiru lagun hil ziren, tartean nire alaba»
Senarra ere gazterik hil zen?
58 urterekin. Bakarrik geratu nintzen, alaba batekin bakarrik. Baina ez neukan segitzerik, zeren baserria handia zen, maizter geunden… Nire ahizpak erosi zuen etxea, eta hura jarri zen. Ni kalera jaitsi nintzen, Lazkaora, ez zen posible nik hura eramatea-eta. Gero, elkarrekin, hemen atera gara aurrera.
Lazkaora noiz etorri zinen?
Orain dela 47 urte. Gustura bizi naiz hemen. Lazkaon oso kontentu nago, eta ni Lazkaok oso ondo hartu nau. Lagunak ere izan ditut hemen, hamabi-bat ibiltzen ginen. Espainia guztia ikusita daukat. Inor ez da bizi, denak joanda dauzkat, ni bakarrik geratu naiz. Baina ondo pasatu dut, bai lagunekin, bai herriko jendearekin, eta denekin.
Zure bizialdian, bizimoduaren aldaketa handia izango zen?
Eneee! Bai, bai, bai. Buelta oso-oso-osoa eman du. Baina onerako ez, txarrerako. Gero eta txarrerago goaz, gero eta gaizkiago goaz. Ezin bizirik jarri da jendea jada, bizimodu txarra da. Batek besteari ezin dakioke lagundu. Gaur bizi izateko diru asko behar da. Geuk geneukan nahitasun hori galdu da, eta gehiago galtzen ari da gainera.