Motor hotsak entzuten hasi dira
IX. Goierri Rallysprinta abian da. Lau erlojupeko zati korrituko dituzte egunean zehar izena eman duten 51 autoek. Parke itxia Lazkaon dute jarrita.

Motor hotsak entzungo dira gaur Lazkao-Zaldibia-Gaintza inguruan. Ikullu Racing eskuderiak antolatuta, abian da IX. Goierri Rallysprinta. Goizean, 10:00etan irten dira lehen autoak Lazkaotik erlojupekoan zehaztutako ibilbidea egiteko. Aipatutako hiru herri horietan barrena, bi noranzkoetan, 67,4 kilometro dira guztira lehiaketan, bitarteko bideak batuta 117,5 kilometro. Eguraldiak lagundu du eta herritar ugari inguratu dira Zaldibiara autoak ziztu bizian pasatzen ikustera.
Lazkao-Zaldibia-Gaintza ibilbidean, lau erlojupeko zati korrituko dituzte egunean zehar izena eman duten 51 autoek. Helburu solidarioa dauka aurten ere probak. Sortzetiko kardiopatia duten haur, gazte eta haien familiei laguntzeko Bihotzez elkartearentzat izango da irabazitako dirua.
Parke itxia Lazkaoko plazan daukate jarrira, eta asistentzia Zubierrekan. Goizean bi erlojupeko egin dituzte (Gaintza-Lazkao), eta arratsaldean izango dira beste biak (Lazkao-Gaintza). Rallysprint egutegiko bigarren lasterketa da. Martxoaren 2an hasi zen denboraldia, Gabiria-Legazpin jokatzen den rallysprintarekin. 19:30ean izango da sari-banaketa, Lazkaoko plazan.
Lehiaketaz aparte, gainera, ibilgailu klasikoen IX. topaketa ere ari dira egiten. Gidaldia eta erakusketa egingo dituzte gaur eskualdeko zenbait tokitan, eta bazkaria izango dute gero izena emanda dutenek.