Tatiegi eta Mateorena ere Osinaldera sailkatuta, Aztiri Saria Etxezarretarentzat da
Epaileen puntuetan aurreneko biak oñatiarra eta leitzarra izan dira Aztiriko sariketan. Entzuleen gustukoena, olaberritarra. Elkartea beteta, bertso-giro bikainarekin jokatu da kanporaketa
Osinalde sarirako bidearen gehiena egin dute jada bertsolari gazteek. Hiru kanporaketetatik bi jokatuta eta sei finalistatatik lau izendatuta daude. Azkena, larunbat gauean Aztiria auzoko Aztiri-Bat elkartean (Gabiria), Iruri Altzerreka (Garai), Eki Mateorena (Leitza), Ekhiñe Zapiain (Bera), Mikel Etxezarreta (Olaberria), Aitor Tatiegi (Oñati) eta Naia Arrizabalaga (Azkoitia) aritu ziren kantuan.
Bertso-giro sutsua eta beroa izan zen azpimarratzekoetako bat. 70 bat lagun elkartu ziren afaritara. Asko, Etxezarretaren lagunak, bere lehen sariketan babesik falta ez izateko. Hurbiltasun eta berotasun horrekin hauspotuta, 22:30 aldera hasi ziren bertsotan. Saioa oso maila onekotzat irudituta irten ziren entzule asko; goi mailan hasi zen, hasi ere, eta bukaerarako intentsitatea eta joa apaldu ziren arren, denek utzi zituzten ale borobilak.
Bi sailkatu eta saritu bat
Epaile lanetan Joxe Arizkorreta, Asier Iriondo eta Nekane Gonzalez aritu dira, eta haien puntu-batuketek izendatu dituzte Osinalderako bi sailkatuak: Aitor Tatiegi oñatiarra eta Eki Mateorena leitzarra; Aner Peritzekin eta Maddi Aiestaran beasaindarrarekin ariko dira, apirilaren 6an, Osinalden. Tatiegi bigarren aldiz da finalean.
Entzuleek, botoa emanda, gustukoena aukeratuta izendatu dute, bestetik: Aztiri Sariaren irabazlea. Mikel Etxezarretak jaso du plaka-oroigarria, Aztiri-Bat elkarteko Jokin Matxinandiarenaren eskutik.
Sei bertsolariek hiruna bertso abestu zituzten zortziko handian, beste hiruna zortziko txikian, bina punturi erantzun, hiruna bertso hamarreko txikian, eta bakarka bi bertso gehienez hamarreko neurrian eta amaitzeko, hirunaka koplatan.
Saioarekin oro har konforme geratu da Tatiegi, Goierri Telebistari egindako adierazpenetan: “Hasiera-hasieratik nahiko txukun hasi gara seiok, eta oso giro ona egon da”. Baxuena azkeneko ariketan, koplatan, sumatu du. “Zaila izaten da gaiaren arabera askotan asmatzea, eta agian hor ez diogu behar beste punta atera gaiari”.
Osinalden bigarren aldiz kantatzeko aukera lortu du oñatiarrak. “Behin kantatutakoa naiz han, eta egia esan oso oroitzapen ona daukat ordukoa. Oroitzapen hori edo hobea ekarriz gero bueltan, ez dugu askoz gehiago eskatzen”.
Mateorenari ere oro har saio orekatua iruditu zaio. “Publikoa ere hasieratik entregatuta zegoen, eta kantatzeko saio erosoa izan da”. Sailkatze txartel bat beretzat izango zenik, ordea, ez zeukan batere garbi. “Zortea eduki dut sailkatzeko, baina ez nuen batere garbi nor sailkatuko zen eta nola sailkatuko ginen. Ikusi dugu saioa oso bizkor joan dela, oso orekatuta, eta denak oso-oso ale politak utzi ditugula iruditu zait”.
Ordiziako Argi Berrin jokatuko da azken saioa, larunbatean. Aroa Arrizubieta gasteiztarra –larunbatean Arabako txapeldun atera zen–, Haizea Arana eskoriatzarra, Aitor Ugarte aramaioarra, Bittor Altube abadiñarra, Maide Garmendia zaldibiarra eta Irantzu Idoate hazparnearra ariko dira bertsotan. Gai jartzaile, Igor Eguren.