Gala Nagusian, finala
Ostiralean izango da Ahoz Aho Nazioarteko Ahozkotasunaren Jaialdiko 12. ipuinen narrazio lehiaketako finala, Barrenan. Urtzi Gorostiaga, Iam Agorria eta Jokin Aldazabal daude finalean.
Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia amaitzera doa. Hurrengo astean amaituko da, martxoaren 27an. Aste honen amaieran izango dira Ordizian egingo diren azken ekitaldiak. Ostiralean, jaialdiko bi ekitaldi nagusi egingo dira, batera, 19:00etan, Barrena Jauregian. Ahozkotasunaren Gala Nagusia ospatuko da, eta horren barruan, 12. ipuinen narrazio lehiaketako finala egingo da.
Iñaki Carretero ipuin kontalariak aurkeztuko du gala eta berak gidatuko du lehiaketako finala. Otsailaren 17an izan zen sailkapen saioa eta, ohi moduan, hiru narratzaile pasa ziren finalera, tartean goierritar bat: Urtzi Gorostiaga ataundarra Etsaiaren adina ipuinarekin, Iam Agorria zornotzarra Ez da errege…ezta erregiña ipuinarekin, eta Jokin Aldazabal tolosarra Martin Galox ipuinarekin.
Etzi berriz ere kontatuko dituzte haien ipuinak, eta epaimahaiaren erabakia eta publikoaren botoa batuta erabakiko da zein den irabazlea. Lehenengo sailkatuak 300 euro irabaziko ditu, bigarrenak 200 euro eta hirugarrenak 100 euro.
Bihar, kontaketa
Finalaren aurretik, bihar, ipuin kontaketa eskainiko du Amaia Hennebutte-k, 18:00etan, Barrenan, Goizti AEk-k antolatuta.